Beterri Buruntza mankomunitateak eskualdean gauzatu nahi dituen programak bideratzeko hitzarmena sinatu zuten abenduaren 2an Usurbilgo Udalak eta aipatu mankomunitateak. Programok garatzeko hain zuzen: enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2022ko laguntzak, "Haziinova", "ETE digitala", "Elkar-Ekin Lanean" eta "Ekinean-Zerbitzua".
"Xedea da Mankomunitateak Udalaren kargu uztea laguntza-programak kudeatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren jarduera material edo teknikoak", dio astearte honetako, urtarrilaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak kaleratu duen hitzarmenak. Iragarki berak argitu du zergatia; "Mankomunitateak ez dauka programa horietako jarduera material edo teknikoak egiteko baliabide tekniko egokirik".
Enplegua sustatzeko
Aipatu moduan beraz, zenbait programa garatu nahi dituzte. Batetik, enplegua sustatzeko tokiko ekintzak langabetuen enplegagarritasuna sustatzeko, "haien kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartuko dituen aldi baterako lan-esperientziaren bidez". "Elkar-Ekin Lanean" ere programa bideratu nahi dute, "Enplegu Sozialeko ekosistema indartzea, baliabide soziolaboral berriak aktibatzea eta gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea" bultzatzeko. Hitzarmen honen bueltan jarraipen batzordea osatzea aurreikusten da.