“Izenarena adierazi zuenetik argi diogu, Nora gure alaba da”

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 12a, 10:29

“Norari erregistroan izen aldaketa eta sexua onartu diote”. Berri pozgarri hau helarazi ziguten lerrootako protagonistek, Maitane Zinkunegi eta Ramon Kamino herrikideek urte amaieran. Noraren gurasoak dira. Hitz Ahok udazken honetan Sutegira gonbidatu zuen Naizen adingabe transexualen familien elkarteak eskainitako hitzaldian hartu zuten jendaurrean lehen aldiz bizi duten errealitatea aurkezteko. “Inork ezin du jakin, pertsonak baino, norbera zein den” zioen saio hartan Bea Sever elkarteko bozeramaileak. Ildo beretik mintzatu dira lerrootan Maitane eta Ramon.

Nora da zuen alaba. Nora ez da ordea bere betiko izena?
Ramon Kamino: Peru zen lehen.

Noiz arte Peru eta noiztik Nora?
Maitane Zinkunegi:
Norak duela hiru urte adierazi zuen neska zela, Peru izan zen duela bi urtera arte.
R.K.: Berak aukeratu zuen izena. Izena eta sexua aldatzeko tramiteetan aritu gara. Eusko Jaurlaritzan, Osakidetzan, ikastolan, udaletxean.. denean aldatua dago. Erregistrokoa falta zitzaigun.

Tramite ofizialena eta zailena?
M.Z.:
Bai eta ez. Gauza asko eskatzen aritu zaizkigu. Adibidez, aldaketa tramitatzeko epaitegira joan ginenean, endokrino baten txostena behar genuela esan ziguten. Guk  Naizen-era deitu eta psikologo baten txostena eraman genuen. Atzera bota eta endokrinoarena behar zutela esan ziguten. Orduan deitu genuen Naizen-era. Handik esan ziguten pediatrari deitzeko, pediatrak endokrino batena bideratu zigun. Txostena egin ziguten, tramite guztia azaldu ziguten nola joango zen, bai hormonen aldetik, ebakuntzak...

Nola bizitzen ari zarete prozesua, gogorra da?
M.Z.:
Gogorra egin zait endokrinoarena joatea. Gainerakoan ez. Pausoz pauso, Norak eskatzen duena egiten ari gara.

Norarekin batera egiten ari zareten bidea da hau noski?
R.K.: Ikastolan pausoa berak eman zuen. Irakasleari “ni hemendik aurrera neska naiz” adierazi zion.

Lehenengo pausoa nola eman zuen?
M.Z.:
Guk txikitatik ikusten genuen. Hainbat detaile zeuden; azkazalak margotuta, zerbait arroxa jantzita… Egun batetik bestera irakasleari hori esan zion, gela batean esan zuen borobilean jarrita, gero beste gelara joan eta neska zela adierazi zuen.

Zenbat urterekin?
R.K.:
Zazpi urterekin.

Adinarena galdetzen dizuet, auzitan jarri izan baita pertsona batek haurtzaroan nor den adierazteko duen gaitasuna?
M.Z.:
Argi eta garbi zuen berak. Guk txikitatik ikusten genuen, pausoa noiz emango zain ginen. Pausoa eman zuen eta hortxe goaz, laguntzen.

Bide horretan pausoak emateko iniziatiba berak izatea garrantzitsua da ezta?
R.K.:
Erraztasunak emanda ere askotan iruditzen zaio gaizki egiten ari garela. Zertan hanka sartu dugun bueltak ematen dizkiozu, nola ahala zuzentzen ahalegindu. Lagunarte oso ona tokatu zaio, denek onartu dute. Beste gurasoek ere den modukoa onartu dute, asko balio du horrek.
M.Z.: Ikastolak edota Udalak ere asko lagundu digute. Orain adibidez, Eskola Kirola egiten du. Ikasturte erdia futbola, beste erdia eskubaloia. Beti joan da nesken aldagelara. Berak ez du arazorik, gainera gaia atera genionean “ama ni ez naiz joango mutilen aldagelara, ni neska naiz” zioen. Arrazoi zuela eta betiko aldakegalara joango zela erantzuten genion. Eskola Kiroleko koordinatzaileari eta udalari esan genion. Ez da arazorik egon. Laguntzeko prest agertu dira beti.

Ez luke zori kontua izan beharko, baina “zortedunak” sentitzen zarete herrian duzuen sareagatik?
M.Z.:
Bai.
R.K.: Naizen-en hilero biltzen gara eta han entzuten diren istorio asko ulertezinak dira gauden garaian egonda. Hainbeste oztopo gainditu eta gero, oraindik zailtasun askok nola segitzen duten.

Zer egon liteke horren atzean zuen ustez?
R.K.:
Ulermen falta. Beste asko daude guk ulertu dugun moduan ikusten dutenak.
M.Z.: Haurrekiko dugun begirada esanguratsua da.


“Etxekook laguntzen ez badiogu, zeinek lagunduko dio?”
Naizen adingabe transexualen familien elkarteak zer eragin izan du zuen bizimoduan? Nondik hasi zen zuen hartuemana?
M.Z.:
Norak esan zuenean neska zela Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunera joaten hasi ginen. Noraren irakasleak Naizen-en berri eman zigun. Elkartera deitu nuen, ateak segituan ireki zizkiguten. Beldurrez joan ginen. Sexologo batekin hitz egin eta taldean egon ginen nerabe eta gurasoekin. Beste mundu bat da. Edozertarako laguntzeko prest beti.

Esperientziak partekatzeko eremu garrantzitsua ezta?
M.Z.:
Gure bizipenak partekatzen ditugu, tramiteak nola egin... Asteburuetako irteerak eta hitzaldiak antolatzen dituzte. Arropa saltzen hasi gara.

Hitz Ahok udazken honetan Sutegin antolaturiko Naizen-en hitzaldian hitza hartu zenuten lehen aldiz jendaurrean. Nola sentitu zineten?
R.K.:
Hunkituta.
M.Z.:
Hasieran urduri baina gustura. Hitz Ahoko kide batek deitu zidanean esateko Naizeneko kide bat etorriko zela hitzaldia ematera asko poztu ginen. Naizen-ekoak deitu zigun gero, guk hitz egingo ote genuen galdetzeko. Norarekin hitz egin genuen galdetzeko ea nola nahi zuen azaltzea. Berarekin adostu genuen zer kontatu, zer ez.

Nora hitzaldi hartan zegoen lagunartean. Nola bizi izan zuen une berezi hori?
R.K.:
Gustura. Lagun eta senideez ondo inguratua zegoen gainera.
M.Z.: Jendeak ere gustura, pozik hartu zuen. Laguntzeko prest.
R.K.: Batzuk adierazi digute halako hitzaldi gehiago antolatu behar liratekeela jendeak informazioa jasotzeko.

Nora gehiago egon daitezke herrian. Zer esan haiei?
M.Z.:
Naizen-era deitu edo bertara joatera gonbidatuko nituzke.
R.K.: Elkartearen bileratako batera joan daitezke, eseri, entzun. Bigarren saiorako agian askatzen zara eta zure bizipenak partekatzen dituzu.
M.Z.: Gugana etorri nahi badute haien esperientzia partekatzera etorri eta bideratuko ditugu nora joan, eta zer eta nola egin. Ez dira bakarrik egongo.

Nora Peru baino zoriontsuagoa da?
M.Z.:
Orain pozik bizi da.
R.K.: Izena aldatuta bakarrik poztasuna du.

Izenak ere izana eman dio?
M.Z.:
 Bai. Gero janzten da berak nahi duen moduan.
R.K.: Peru zenean oraindik, edozein arropa dendetara joan eta argi zuen zer arropa nahi zuen. Ze pozik etortzen zen etxera arropa horrekin. Oraindik emozionatu egiten gara.
M.Z.: Ikastolan, pandemia aurretik Santa Agedarako esana zegoen neska zela. Norak nesken baserritar jantzia nahi zuzen. Traje hura lortu genuen eta jantzi zuenean ze poztasun zuen aurpegian! Bat erosi genion. Poz-pozik joan zen. Irakaslea gainera mutilez jantzi zen.

Bistan denez, elkarlan hori dago zuen artean?
R.K.:
Etxekook laguntzen ez badiogu, zeinek lagunduko dio?
M.Z.: Zortea izan du. Badaude ondo hartzen ez dutenak. Izena aldatzeko baimena ez dutenak, aurreko izenarekin egotera behartzen dutenak. Baina berak izen hau nahi badu, izen hori aldatu behar da, pertsona bezala den moduan onartu.

Babes sarea du Norak egun. Norak herritik kanpo etorkizunean izan dezakeen bizimoduaz kezka baduzue?
R.K.:
Nik pittin bat bai. 16 urterekin kanpora joan beharko dute ikastera. Orduan, zer izango den, zer mundu bilatuko duen. Herrian onartua da den moduan. Baina hemendik kanpo ez dakit zer gerta daitekeen. Oso indartsua da bera, edonori kontra egin behar badio segituan egiten dio eta ondo aterako zaiola iruditzen zait baina … Beti zalantza puntua geratzen zaizu.

Une hori heltzeko urte batzuk geratzen dira oraindik. Bistan den moduan, asko dago aldatzeke. Zuen ustez, zer aldatu beharko litzateke Nora etorkizunean mundu atseginago batean bizi ahal izateko?
M.Z.:
Jendearen pentsamendua. Begirada. Pertsonak gara denok.
R.K.: Denak pertsonak bezala ikustea. Norbera izango da den modukoa, baina denok pertsonak gara. Mundu hau pertsonena da. Eta pentsamendua. Duela 50 urte edo gehiagoko ikuskera bada oraindik. Nola aldatu? Ez dakit. Oso atzera geratu diren pentsamendu horiek Franco joan zen moduan, han utzi behar dira. Beste mende batean gaude. 

Baten batek galdetuko du elkarrizketa hau egiteko Noraren baimena ba ote dugun.
M.Z.:
Esan genion. Guk parte hartzeko esan zigun. Naizen-eko hitzaldia antolatu zenean ere irakasleari segituan esan zion eta berak zabaldu zuen. Horretarako indar handia du. Gustura eta pozik gara gure alabarekin. Izenarena adierazi zuenetik argi diogu, Nora gure alaba da eta guk seme-alabak ditugu.

Anai-arrebentzako ere aldaketa izango zen?
R.K.:
 Asko maite eta laguntzen dira.

Lerro hauek irakurriko ditu Norak. Zer esan nahi zeniokete?
M.Z.:
Hor gaudela eta beti hor egongo garela, edozertarako laguntzeko prest. Bai gu eta familia.
R.K.: Laguntzeko hor gaudela beti. Eta orain arte izan duen indarra izaten segitzeko.