Igor Labaka Lizarazu: “Txiki-txikitatik nuen ametsa bete dut”

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 12a, 09:35

Haurtzaroko ametsa beteta pozarren amaitu du 2022. urtea Igor Labaka Lizarazuk. Onenekin bildu zen udazkenean Hawain egin zuten mundu mailako Ironman txapelketan. Halako proba batean parte hartu duen lehen herrikidea dugu.

Nola heldu zinen Hawaiko mundu mailako proban parte hartzera?
Igor Labaka Lizarazu: Bertan ez du nahi duenak parte hartzen, probarako sailkatu denak baizik; munduan zehar beste sailkapen txapelketa postu bat eskuratzen dutenek. Nire kategorian sei plaza zeuden eta seigarren postuan sailkatu nintzen.

Hawaiko finalean egoteko ametsa noiz jaio zen?
Triatloian 20 bat urte daramatzat. Duela 15 urte hasi nintzen Ironman distantzian. Haurtzaroko ametsa zen. Txikitan etxean zegoen aldizkari bateko artikuluan irakurri nuen 1988an joan zela bertara lehen euskalduna. Txunditua geratu nintzen mundu horrekin. Betidanik izan dudan erronka bat izan da. 10-12 urtez bertako proban sailkatzeko ahalegindu naiz eta urrian lortu nuen. Txiki-txikitatik nuen ametsa bete dut.

Lehenengo herrikidea gainera Hawain?
Lehenengoa bertarako sailkatzen oraingo munduko txapelketa honetarako. 4.000 partaide inguru izan ginen proban. Lehen aldiz bi egunetan egin zen. Azken hiru urteotan pandemiaren ondorioz Hawaiko proba ez da antolatu eta aurreko urteotan sailkatutakoak aurtengo edzioan parte hartu dugu. 2.000 partaide izaten dira bestetan, oraingoan 4.000 partaide izan gara. Horien artean 20 bat euskaldun; Hernaniko bat, bizpahiru donostiar, arabarrak, bizkaitarrak...

Gozatzera joan zinen edo lehiatzera gehiago?
Niretzat saria bertan egotea zen eta hangoaz gozatzea. Lehiakorrak garenez, ahalik eta hoberen egitea ere bai. Kasu honetan ordea, lasterketa ez zen ondo atera. Bi hilabete lehenago beste Ironman proba batean parte hartu nuen eta ez nintzen ondo errekuperatu. Egunean bertan bertako baldintzak oso gogorrak dira gainera. Horregatik, pentsaera aldatu eta gozatzera joan nintzen. Esperientzia izugarria izan da. Kirol honetako profesionalak nahiko xumeak eta gertukoak dira. Proba honen berri lehen aldiz 1988an izan nuen eta proba honen edizio famatuena 1989koa da. Bertan bi amerikarren arteko lehia handia izan zen eta edizio hura lehiakorrena bezala ezagutu izan da. Proba hartako bi lehiakideekin argazkiak ateratzeko aukera izan nuen.

Proba honen ezaugarriak deskribatzerik bai?
3,8 kilometro igeri, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika maratoia. Hawaiko berezitasuna baldintza klimatiko oso gogorrak dira; beroa, hezetasuna, haizea... Lur bolkanikoan egiten da proba. Lurretik datorren beroa eta hezetsauna deskribatzea zaila da. Gogor samarrak dira baldintzak, baina ez apartekoak beste proba batzuen aldean. Beste lasterketa askoz gogorragoetan parte hartu izan dut. Bertan dagoen maila aipatu behar da, denak onak dira. Gramo erdi bat ez dago soberan. Hawaiko mundialak, beste kirol jarduera batzuekin duen alde nagusia da, nola proba berean afizionatuak eta profesionalak batera lehiatzeko aukera dugun. Beste kirol jardueretan ez da halakorik gertatzen. Munduko figura guztiekin lasterketan topa zaitezke edo entrenatzen, kafetegian. Lehen egunean igeri egitera joan ginen portura eta zer eta txapeldun olinpikoarekin parez pare topo egin eta kasu egin zidan. Bertan dagoen gertutasuna handia da.


Mundu mailako txapelketa hau beti leku berean antolatzen da?
Bai, iazko edizioa ezik, AEB-tan egin zuten pandemiagatik. Ofizialki lehen zerbait egina zen arren, triatloi mota hau bertan sortu zen 1978an, beste gauza asko bezala, afari batean egindako apustu batetik.

“Mila koloretako arrainak ikusi ditut”
Zer nolako herrialdea ezagutu duzu?
Ez zen turistikoki gehien bisitatzen den zonaldea, baina horrek zuen alde ona zen, turistikoki ez dagela ustiatua, nahiko naturala zela. Herrixka txikiak ziren, familia bakarreko etxeak, lasterketaren zonaldean izan ezik. Oso polita eta ezberdina. Oso bolkanikoa lasterketa eremua eta beste aldea, oporraldian ezagututakoa oso berdea, ur askokoa. Labazko hondartzak, hondartza beltzak. Dordokekin igeri egiteko aukera izan dut. Mila koloretako arrainak ikusi ditut, itsasoko fauna izugarria da. Bi astez izan naiz, lehen astea 12 orduko aldaketa dagoenez egokitzen, baita bertako baldintza klimatikoetara ere. Probarena baliatuta, beste aste bat geratu nintzen han oporretan.

Nola hasi zinen triatloi munduan, korrika eginez zure kasuan?
Txiki-txikitatik atletismoan aritu nintzen. Bizikleta ere oso gustuko nuen eta triatloira pasa nintzen. Atletismoarekin jarraitzen dut, neguko denboraldia egiten dut.  

Aldizkari hura irakurri zenuen garaitik hona triatloirako ohitura nabarmen hedatu da. Leherketa moduko bat izan da azken urteotan ezta?
Asko zabaldu den kirol bat da, batez ere azkeneko 20 urteotan, jarduera olinpiko bihurtu zen unetik. Eta bai, beste kirol batzuekin gertatu den moduan, modan jarri zen. Gero suertatu zen inguruan ere oso ondo zebilen jendea zegoela, gure kasuan Eneko Llanos, eta horrek ere jendea jarduera honetara bultzatzen du.

Gaurkoz hiru kirol jardueretan, atletismoa faboritoena?
Ez nuke jakingo esaten bizikleta edo korrika nahiago dudan. Dakidana da igeri egitea dela gutxien gustatzen zaidana, baita okerren ematen zaidana ere. Gustukoak ditut biak, urteko hainbat uneetan bata edo bestea ezingo nuke aukeratu.

Txikitako amets erraldoi hau beteta, jarduerotan zabiltzatenok erronka zaleak zaretela kontuan izanda, ez da erraza izango orain tamaina honetako erronkarik planteatzea?
Nahi nuen ametsa bete dut. Kirola egiten jarraitzeko asmoa dut, inolako zalantzarik gabe, oso gustura aritzen naiz. Beti egin dudan zerbait da eta hau gabe bizitzea zaila litzateke niretzat.

Epe motzean hitzordurik?
Otsaila aldera abiatzen da duatloi proben denboraldia, apirila inguruan triatloi probena.

Txirrinda gainean mendia nahiago? Ala errepidea, eta hala bada, kasu honetan seguru ibiltzen zara?
Errepidea nahiago izaten dut. Egia esan, hemen nahiko zortea dut, beti toka dakizuke baina ez dugu aparteko arrisku edo arazorik bizikletan ibiltzeko. Toki askoz okerragoetan izan naiz bizikletan ibiltzen, Hawai horren lekuko. Istripuak halere izaten dira noski eta penagarria da, istripua izan eta penalki ez dela ezer gertatzen.

Baxurde Txiki U.T.T.-ko kidea izanik, pozik udazken honetan krosa berreskuratuta ezta?
Pandemiarekin beste gauza batzuk bezala krosa bertan behera utzi behar izan dugu. Argi genuen antolatzen jarraitu nahi genuen krosa zela. Pozik gaude berriz ere egin ahal izan dugulako. Bai helduena eta umeena. Haurren krosarekin giro ona sortzen da. Kirola eginez ondo pasa daitekeela bistaratzen da. Garrantzitsuena ez dela irabaztea edo postu on batean sailkatzea, parte hartzea baizik. Duela 13 bat urte sortu zuten taldea kirolari beterano eta gazte batzuk. Azken urteotan tarteka gazteren bat edo beste sartu izan da. Kirol jarduera hauetarako zaletasuna izan edo probatzeko gogoa dutenak taldera gerturatzera animatu nahi nituzke. Eskuzabalik hartuko ditugu.

Zer eman dizu triatloiak?
Inguruak ezagutzea, jende ezberdin eta lagun asko ezagutu ahal izateko aukera eta bizi-esperientzia ederrak.