“Isturitzetik Tolosan barru” lanaren aurkezpena igandean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 13a, 09:25

Iñaki Urruzolak Usurbilgo Udalaren laguntzaz ekoitzitako ‘Isturitzetik Tolosan barru’ ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute igandean, urtarrilaren 15ean 18:00etan Sutegiko auditorioan.

“Ikus-entzunezko xume honen funtsa Euskal Kulturgintza hizki handiekin eratzen lagundu zuen Joxan Artzeren obra ezagutzera ematea da”.

Segidan, Urruzolarekin eta Iratxe Retolaza literatura-kritikari eta ikertzailearekin solasaldia iragarri dute. Jexux Artze K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko proiekziorako gonbidapenak doan jaso ahalko dira usurbilkultura.eus plataforman edo Lizardi liburu-dendan.

2018ko urtarrilaren 12an zendu zen Joxan Artze. Bere heriotzaren bosgarren urtemuga bete bereiten antolatu du beraz Udalak, aurkezpen ekitaldi hau. Bere sorkuntza lana ezagutaraztea izango du helburu bertan aurkeztuko dutena. "Geuk begiz joa dugun obra “Isturitzetik Tolosan barru” poema liburua da, izan ere, baitezpadako ekarpena egin zuelakoan gaude. Bere lehen emaria izanik, aurkezten dugun lanak Euskal Herriko sasoi bateko giro eta garai baten lekukotza jaso nahi du, eta berau egungo moldeen bitartez, ikus-entzunezkoen ahalmena baliatuz, nolabait bere obra erdigunera ekartzea du xede".