Garaian garaikoa, horixe biziko dugula dio egunotan Euskalmet meteorologia agentziak. Negu giro betean joango zaigu abiatu berri dugun astea. Egunotan abisu horian gara prezipitazio iraunkorragatik. Gaur, "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Euri ertaina egingo du, iraunkorra eta oso ugaria izango da Kantauri isurialdean, bereziki kostaldean eta mendebaldean. ". Bihar, "30-60 l/m² inguru pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan". Gauerditik aurrera, abisu horia indarrean izango da baita haizeagatik. "Mendebal-osagaiko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan" egun osoz. Gauerditik astearte goizeko 9:00etara, "Mendebal-osagaiko haize boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneak ez diren lekuetan, bereziki kostaldetik gertu non 90-100 km/h inguruko abiadura izan dezaketen".
Astearte goizeko 9:00etan gainera, elurragatik ere abisu horia jarriko dute indarrean, besteak beste, Gipuzkoa barnealdean. Beherantz egingo du nabarmen elur-kotak. Goizean 1.000 metrotik gora zuritu ahalko du, arratsaldean zehar ordea, 600-700 metrotara eta iluntzerako 400 metrora jaitsiko da. Andatza inguruan beraz, elurra egin dezake asteartean hasita. Eta asteazkenean, are beherago; "elur-kota 300-400 m inguruan kokatuko da, eta baliteke noizbehinka gehiago jaistea", ohartarazi du Euskalmet-ek. Horregatik Gipuzkoa barnealdean alerta laranja indarrean izango da egun osoz. 200 metrotan 5 zentimetroko lodieran pila daiteke elurra. "Zaparrada ertainak botako ditu, iraunkorrak eta ugariak izango dira, bereziki Kantauri isurialdean, eta bertan prezipitazioa oso ugaria izango da. Baliteke trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botatzea, bereziki Kantauri isurialdean".
Gainerakoan prezipitazio iraunkorragatik abisu horiak indarrean segiko du hirugarren egunez. "Asteazkenean 40-60 l/m² inguru pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan".
Ekaitz giroa astearte iluntzetik aurrera
Baldintza hauekin, astelehen honetan Usurbilen, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri ertaina egingo du, iraunkorra eta oso ugaria izango da. Mendebal-osagaiko haize bizia ibiliko da, tarteka gogorra bolada oso gogorrekin, bereziki egunaren lehen partean eta gauean; arratsaldean haizeak indarra galduko du. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da". Asteartean berdintsu. "Zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarri eta ugari. Arratsalde-gauean trumoi-ekaitzak izan daitezke. Mendebal-osagaiko haize bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Arratsalde-gauean haizeak indarra galduko du. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira; egun amaieran neurtuko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".
Asteazkenean are nabarmenagoa izango da negu giroa. "Zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada ertainak sarri botako ditu, bereziki egunaren lehen partean, orduan prezipitazioa ugaria izango da. Zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da bolada gogorrekin, eta oso gogor batzuekin. Egunaren bigarren partean haizeak indarra galduko du. Tenperatura nahikoa jaitsiko da".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus