Bi hilean behin, lehen astelehenetan egokitzen da odol-ematea Usurbilen. Baina eguberriak tarteko, astelehen honetan, urtarrilaren 16an izango da 2023ko lehen saioa Udarregi Ikastolako erdiko aretoan, 16:30-20:30 artean. Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
Plasma ere emateko deia
Odolarekin batera, plasma emateko eskatzen hasiak dira. "Odolaren bolumen osoaren %55 da" eta bertan "odol-zelulak aurki ditzakegu: globulu gorriak, zuriak eta plaketak", azaldu dute Euskadiko Odol Emaileak bilgunetik. Herritarrengandik jasotako plasmarekin, "botikak lortzea da" garrantzitsuena; "kasu hauetan ez dago alternatibarik, lehengai hau, hau da, odol-emaileetatik lortutako plasma ezinbestekoa baita".
Plasma emateari "plasmaferesia" deitzen diote. "Odola erauzten da, banatzaile zelular baten bidez odol-zelulak banatzen dira, plasma gordetzen da eta gainerakoa bide beretik emaileari itzultzen zaio". Plasma emateko saioak "40-50 minutu iraungo du. Plasma gehienbat ura denez, emailearen suspertzea oso azkarra da, hori dela eta sarriago eman dezake". Hilero hain zuzen. Hori bai, "plasma emanez gero, gutxienez, 15 egun itxaron behar duzu berriro odola eman ahal izateko. Baina, odola eman baduzu, hilabete bat itxaron beharko duzu".
Odol-Emaileen Eguna
Historikoki abenduaren 8a izan da Usurbilgo Odol Emaileen Eguna. Azken urteotan etenda zuten ohitura urte hasiera honetarako berreskuratu dute. Hilaren 22an bazkaritan biltzeko deia egin diete Usurbilgo odol-emaileei eta bertaratu nahi duten gainerako herrikideei. Otorduan bertan odola 25, 50 edota gehiagotan eman duten 11 herrikide omenduko dituzte. Haiei guztiei diplomak eta oroigarriak banatuko dizkiete.
Bazkariaren aurretik, bi hilean behin izaten den odol-ematea datorren astelehenean, hilaren 16an. Agurtu berri dugun 2022. urteari dagokion balantze gozoa egin du Odol-Emaileen elkarteak. “218 odol-poltsa jaso dira 160 herritarrek emandako odolarekin. Haietatik 13 izan ziren iaz lehen aldiz odola eman dutenak”. Emaitza hauekin pozarren dira aipatu bilguneko kideak. Lerroon bidez, iaz odola eman zuten guztiak eskertu nahi dituzte, bereziki estreinakoz odola ematera joandakoak.
Deialdiak
Urtarrilak 16, astelehena
16:30-20:30 Odol-ematea Udarregi ikastolako erdiko aretoan.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.
Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus
Urtarrilak 22, igandea
Usurbilgo Odol-Emaileen eguna. Bazkaria Patri jatetxean eta diploma zein oroigarrien banaketa 25, 50 eta gehiagotan odola eman duten 11 herrikideri.
Otordurako izen-ematea, hilaren 18a baino lehen: 943 363 102 (Agustina) edo 619 125 644 (Mari Jose). Prezioa: 35 euro.
Antolatzaileak: Usurbilgo Odol-Emaileen elkartea.