Enplegua sustatzeko bi ebazpen kaleratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 16a, 08:22

"Auzolanberri IV" programaren eta lokal komertzial hutsetan jarduera ekonomiko berriak sustatzeko dirulaguntzaren ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak.

"Auzolanberri IV" programa
"Beterri Buruntza eskualdean Auzolan Berri IV. programan parte hartu duten eta programa hori gainditu duten langabeak kontratatzeko" Gipuzkoako enpresek eskuragarri duten dirulaguntza deialdiaren ebazpena da. Usurbilgo Udalak deialdia apirilaren 4an argitaratu zuenetik azaroaren 30era arte, eskaera bakarra jaso dute, Hernaniko "Chimeneas Erre SL"-rena. "Diruz lagundutako kontratazioei dagokionean gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izango da lanaldi osoan". Tarte horretan, "3 hilabete edo gehiagoko kontratua lanaldi osora 3000 eurorekin lagunduko da". Informazio gehiago, urtarrilaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Lokal komertzial hutsetan jarduera ekonomiko berriak abiarazteko dirulaguntza deialdia
Bi laguntza lerro ditu deialdi honek; jarduera ekonomiko berriak abiarazteko bat (5.500 eurokoa gehienez) eta lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko bestea (gehienez 300 euro hilean lehen urtean, gehienez 200 euro hilean bigarren urtean). Usurbilgo Udalak deialdi honen oinarriak martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituenetik azaroaren 30era arte finkatua zuten epearen baitan, eskaera berri bakarra jaso da. Bestetik, iaz erregistraturiko beste eskaera baten harira, eskatzaile hark "bigarren urteko alokairuaren dirulaguntza eskaera burutu du". Informazio gehiago, urtarrilaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.