Neguko lehen denboralea

Azken orduotako ekaitzaren eragina begi bistakoa, herriko hainbat txokotan

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 17a, 12:18

Zenbait zuhaitz erori dira azken orduotako haize bolada gogorrengatik. Tren zerbitzua etenda egon da Usurbil eta Orio artean. Zubietako bidean ere beste zuhaitz bat jausi dela berri eman digu hango bizilagun batek. Horrez gain, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, intzidentzia gehiago izan dira Arratzainen edota Txokoalden. Abisu horian gara haizeagatik eta euriteengatik.

Ekaitz giro betean gara. Abisu horian, haize bolada gogorrengatik eta baita euriteengatik ere. Hainbat arazo eragiten ari da inguruotan. Geurean, neguko lehen denborale honetan gauean zehar haize bolada gogorrak izan ditugu. Zenbait zuhaitz bota ditu. Haietako bat, trenbidean. Orio eta Usurbil arteko tren zerbitzua etenda egon da goizeko lehen ordutik. Berrezarri dutela adierazi du Euskotrenek.

Konponketak bideratu artean, halakoetan egin ohi dutenez, autobus zerbitzua jarri dute bi udalerrion artean. Usurbil nahiz Oriora arte trenez mugitzeko aukera egon da, baina aipatu tarte honetan autobusez egin behar izan dute joan-etorria. Albiste honi atxikia duzue herrikide batek lantokira bidean atera eta helarazi digun argazkia.

Zubietatik jakinarazi berri digutenez bestalde, zuhaitz bat erori da Learritza pasealekuan, 67-71 zenbaki parean, Iruinberrin. Bizileku baten parean gertatu da ezbeharra. Ondorioz, parean zen argindar zutabea bota du eta errepidean argindar horren kableak zintzilik geratu dira. Matxura hau konpontzeko lanetan aritu dira. Bertako bizilagunek helarazitako argazkiak dituzue albiste honi atxikita.

Lur mugimenduak 
Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez bestalde, "hainbat intzidentzia izan dira, besteak beste, Zubietan, Arratzainen eta hilerri inguruan, Txokoalden...". Haietako bat honako hau; "Kaparotzetik Udarregi baserrirako bidea moztu du udaltzaingoak. Lur jausi txiki bat izan da, eta ixtea erabaki dute, lur mugimenduagatik".

Oriak maila horia gainditu du
Haizea soilik ez, gogotik ari du euria azken orduotan. Gogoan izan, prezipitazio iraunkorragatik ere abisu horian gara atzotik eta hala segiko dugu datozen egunotan. Izan ditugun euri zaparraden erakusle, Euskalmet meteorologia agentziak Lasarten duen estazioan bildutako datuak. Ondoko grafikoan dituzue. Goizaldeko 6:00ak pasatxoan maila horia gainditu du, atzotik ia etenik gabe euria egin ostean. 8:30etan hasita, beherantz egin du mailak berriz. Adi segi beharreko grafikoa honakoa beraz.