Neguko lehen denboralea

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian segiko dugu eta bihar elurra behe samarrean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 17a, 07:05

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara. Gogotik egingo du euria. Asteazkenean 200 metrotan elurra egin dezake.

Neguko lehen denborale betean gara eta gure artean segiko du hurrengo orduotan. Abisu horian izan gara azken orduotan haizeagatik. Goizeko 9:00etan bertan behera geratu da haizeguneak ez diren tokietan indarrean zen ohartarazpena. Haizeguneetan ordea aipatu abisuak indarrean segiko du egun osoz. "Mendebal-osagaiko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldeko kostaldean, non 110-120 km/h-ko abiadura gaindi dezaketen", iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak.

Haizeaz gain, euria gogotik egingo duela ohartarazi du. Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian gara atzotik, tankera beretsuan segiko dugu datozen egunotan ere. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Prezipitazio ertaina egingo du, sarri eta ugari, bereziki Kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Asteartean 30-60 l/m² inguru pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, eta 5-15 l/m² inguru gainerako tokietan". Bihar, aldiz, "40-60 l/m² inguru pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, eta 5-20 l/m² inguru gainerako tokietan". Ostegunean, "40-60 l/m² inguru pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan". 

200 metrotan zuritu dezake
Elurra ere hurbil ikusteko moduan izan gaitezke datozen orduotan. Astearte goiz honetako 9:00etatik indarrean da hain zuzen abisu horia Gipuzkoa barnealdean. "Elur-kota 1500 m-tik jaitsiko da eta goizean 1000 m-tik behera egongo da. Egunaren bigarren partean 600-700 m inguruan egon daiteke eta gauean 400 m-ra jaits daiteke. Prezipitazio ertaina egingo du, sarri eta ugari, bereziki Kantauri isurialdeko zenbait lekutan". Andatza inguruak zuritu ditzake elurrak datozen orduotan.

Are gehiago bihar; gauerdian alerta maila laranja aktibatuko dute eta hala egongo da asteazken egun osoan zehar. "Elur-kota 300-400 m inguruan kokatuko da, eta baliteke noizbehinka gehiago jaistea. Zaparrada ertainak botako ditu, iraunkorrak eta ugariak izango dira, bereziki Kantauri isurialdean, eta bertan prezipitazioa oso ugaria izango da. Baliteke trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botatzea, bereziki Kantauri isurialdean. Barnealdeko zenbait lekutan izotz txikia egingo du, mendi inguruetako zenbait lekutan handia", dio Euskalmet-ek. 200 metrotan ere 5 zentimetrotan pila daiteke elurra.

Ostegunean, "Elur-kota 400-500 m inguruan koka liteke eta goizaldean noizbehinka beherago egon liteke; eguerdi partean 600-700 m-ren bueltan koka daiteke, eta arratsaldean igotzen joango da 1000-1200 m inguruan kokatu arte. Zaparrada ertainak botako ditu, ugariak eta iraunkorrak izango dira Kantauri isurialdean; gainerako lekuetan txiki-ertainak izango dira. Egunaren lehenengo partean baliteke trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botatzea, bereziki goizaldean eta Kantauri isurialdean".

Ekaitz giroa
Negu giro beteko baldintza hauek kontuan izanda, Usurbilen zer? Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, astearte honetan, "goibel egongo da eta euria barra-barra egingo du. Ekaitzak joko du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira; azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Asteazkenean, "zerua estalita egongo da eta euria ia etengabe egingo du. Noizbehinka ekaitzak joko du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira". Ostegunean, "goibel egongo da eta euria oso ugaria izango da. Mendebaldeko haizea nagusi, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus