Ugartondoko obrek isurketa bat eragin zuten Aranerrekan abenduaren 20an. “Udalak berak sartu zuen salaketa 112 telefonoan, eta lekuan bertan egon ziren Ura agentzia, Ertzaintza, obraren ardura duen enpresa eta udala bera. Isurketaren arrazoiak ikusi, eta berriz ez gertatzeko neurriak hartu zituzten”. Udalaren hitzak dira hauek. Nonbait, Udala jakitun zen Ugartondoko obraren hoditeriaren inguruan arazoak zeudela, “eta obrak hasi aurretik jakinarazi zitzaien obrako arduradunei zein neurri hartu behar zituzten: garbiketak zurrupatzaile baten bidez egin behar zituztela adierazi zitzaien”. Abenduaren 20ko isurketa, beraz, lanak behar bezala ez egitearen ondorio izan zela diote udal iturriek.
USURBILGO UDALA
“Udala Aranerrekako isurketa guztiak ur zikin eta euri uretan banatzeko lanean jardun da: oraindik ez da guztiz banatzea lortu, baina lanak bideratuta daude”
Eraikuntza enpresa ere Anerrekaren jomugan
Duela bi asteko NOAUA!n plazaratu zen artikuluan, Anerreka ingurumen elkarteak Udala eta eraikuntza enpresa jartzen zituen jomugan. Udalak aditzera eman duenez, “enpresarekin harremanetan jarri zen abenduaren 22an, obretako etxoletako ur zikinak Aranerrekara isurtzen badira neurriak hartzeko eskatzeko; zuzendu beharreko hodia zein izan zitekeen ere jakinarazi zien. Abenduaren 26an udal-langilea obrara joan zen, eta frogatu ahal izan zuen hodi hori moztuta zegoela, behin-behinean. Enpresak zenbait proba egin zituen hodi horretako ur zikinak ez zirela errekara iristen ziurtatzeko, eta frogatu ahal izan zuten hodia ur zikinetara egoki konektatuta zegoela”. Horrez gain, enpresak zenbait neurri hartu zituela dio Udalak: komun kimikoa jartzea eta etxolako komuna itxi eta hodia moztea. Beraz, Udalaren esanetan, aipatu hodiko ur zikinak ez ziren sistematikoki Aranerrekara isuri.
“Ingurumen elkarteak egindako salaketa bidegabea da”
Anerrekak Usurbilgo Udalari leporatu izan dion utzikeriaren aurrean, “bistan da zer egin eta zer hobetu ugari duela Udalak saneamenduari lotuta, baina hainbat lan egin dira azken urteetan, eta beraz, bidegabetzat jotzen dugu ingurumen elkarteak egindako salaketa”.
Egoera bideratzeko hainbat lan egin direla dio Udalak
Ur zikinena ez da gauza berria. Aranerrekako arazoa aspalditik datorren arren, azken legealdian ahalegin bat egin dela dio Udalak: “Aranerrekara isurtzen ziren hainbat isurketa-gune konpondu dira Belmonten, Kalezarren eta Kale Nagusian”. Azken honetan, zuzentzeko dauden beste isurketa-gune batzuk bideratzeko lanean ari direla dio Udalak.
Aranerrekaren inguruko udal lanketak
- 2018an Aranerrekako isurketa puntuen azterketa eta diagnostikoa egin zen, eta 2022an Aranerrekako paisaia antolamendurako exekuzio proiektua idatzi zen.
- 2019az geroztik, kontrol sistema bat abian da Aranerrekan, uraren kalitatea neurtzeko.
- 2021ean, Aranerrekako hainbat txukunketa lan egin ziren, Kalezar inguruan.
Oria ibairako bidea
Ika-mikak ika-mika, Udalak aintzat hartzen ditu Anerrekaren hitzak. Errekako ura Oria ibaira iritsi aurretik, guztiz lurperatu eta jauzi baten bidez iristen da Oriara. Anerreka elkarteak egindako proposamenarekin bat eginez, “Udalak jauzia kentzeko eta lurperatutako zatia azaleratu eta leheneratzeko eskatu zion Ura agentziari 2022an”.
Bestelako lanak
- Aginagako saneamendua. Legealdi hasieran Eusko Jaurlaritzak ez zuen aurreikusita Aginagako saneamendua egitea. “Udala Ingurumen sailarekin bildu zen, eta obra horri bultzada ematea lortu zuen. Hala, gaur egun, saneamendu orokorreko lanak egiten ari dira: udal eskumeneko ur saneamendu sarea ere egokitu egin behar da, eta hori berritzeko proiektua idatzia du Udalak, gaur egun martxan dagoen obrarekin bat egingo duena”.
- San Estebango depositua. 2023an udal ur hornidura zabaltzeko inbertsio bat egingo da San Estebango deposituetan. “Filtrazio sistema berri bat ezarriko da, eta horri esker Erroizpeko presako ura erabili ahal izango da”.
- Aranerrekan gertatutakoa bideratzeaz gain, euri jasa handiek sorturiko trabak ekidin eta hoditeria-arazoak konpontzeko lanean diharduela dio Udalak.