Neguko lehen denboralea

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian, 200 metrotan zuritu dezake

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 18a, 07:30

Oraingoz ez du zuritu gugandik hurbil diren mendi inguruetan, baina elurra 200 metrotan egin dezake datozen orduotan. Gaur ere abisu horian segiko dugu egun osoz prezipitazio iraunkorragatik eta haizeagatik. Ekaitz giro betean segiko dugu beraz.

Negu giroa bai, baina momentuz elurraren arrastorik ez inguruotan. Halere, alerta laranjak indarrean segiko du asteazken honetan egun osoz; "elur-kota 400-500 m inguruan kokatuko da, eta baliteke noizbehinka 200-300 m-ra jaistea. Zaparrada ertainak botako ditu, iraunkorrak eta ugariak izango dira, bereziki Kantauri isurialdean, eta bertan prezipitazioa oso ugaria izan daiteke. Baliteke trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botatzea, bereziki Kantauri isurialdean. Barnealdean izotz txikia egingo du, mendi inguruetako zenbait lekutan handia". 200 metrotan 5 zentimetroko lodieran pilatu daiteke elurra. Geurean, mendi inguruetan zuritu dezake.

Gainerakoan, aste hasieratik gertatzen ari den moduan, prezipitazio iraunkorragatik abisu horian segiko dugu gaur ere. "60 l/m² inguru pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan", ohartarazi du Euskalmet-ek. Haizeagatik ere kolore bereko abisua indarrean izango da egun osoz, haizeguneetan. "Ipar-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki kostaldean eta ekaitz-guneetan".

Ekaitz giroan segiko dugu
Ostegunean, elurragatik aktibatutako alerta laranja abisu horira igaroko da bihar arratsaldeko 18:00ak arte. "Elur-kota 400-500 m inguruan koka liteke eta goizaldean noizbehinka beherago egon liteke; eguerdi partean 600-700 m-ren bueltan koka daiteke, eta arratsaldean igotzen joango da 1000-1200 m inguruan kokatu arte". Halere, "egunaren lehenengo partean baliteke trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botatzea, bereziki goizaldean eta Kantauri isurialdean". Euriagatik hain zuzen, prezipitazio iraunkorragatik abisu horian segiko dugu bihar egun osoz. "40-60 l/m² inguru pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan", iragarri du Euskalmet-ek.

Testuinguru ezegonkor honetan, asteazken honetan Usurbilen, "zerua estalita egongo da eta euria ia etengabe egingo du. Noizbehinka ekaitzak joko du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira". Ostegunean, "goibel egongo da eta euria sarri eta ugari egingo du. Mendebaldeko haizea nagusi, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira". Aldaketa etzi. "Zerua hodeitsu egongo da orokorrean. Noizbehinka euria egingo du, batez ere egunaren hasieran eta amaieran. Haizea aldakor ibiliko da, ekialdekoa nagusi. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus

Errioaren maila beherantz
Duela 24 ordu maila horia gainditu ostean, beherantz egin du nabarmen azken orduotan Oriak dakarren ur-emaria. Segidan, Euskalmet meteorologia agentziak Lasarten duen estazioan azken orduotan bildutako datuak.