Usurbilgo Udalak dirulaguntza eskaintza zabala du herritar eta eragileen eskuragarri. Iazko deialdi gehienen ebazpenak kaleratuak ditu. Azken orduotan, 2022ko norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak burutzeko dirulaguntzen ebazpena kaleratu du; gaurko, urtarrilaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean irakur ditzakezue xehetasunak. Bihartik, hilaren 19tik zenbatzen hasita, "interesatuek ebazpen proposamenari alegazioak egiteko 10 eguneko epea izango dute".
Udalak martxoaren 8an kaleratu zuten deialdiaren baitan, lerrootara eskabideak aurkez zitezkeen; laguntza berezietarako, taldeetako prestakuntza teknikoetarako, kirolarien oinarrizko osasun miaketetarako edota kluben kirol kuotak ordaintzeko. Guztira 16 eskaera jaso ditu Udalak: laguntza berezietarako bi eskaera, taldeetako prestakuntza teknikoetarako lau eskaera, beste bost kirolarien oinarrizko osasun miaketetarako eta beste hiru eskolaz kanpoko kirol jardueretarako. Herriko kirol arloko eragileak daude eskatzaileen artean; Usurbil K.E., Pagazpe eta Zubieta Pilota Elkarteak, Usurbil Herriarentzat Futbol Kirol Taldea edota Zirimara Eskola Kirola.