Andatzako errotarriak ezagutzeko mendi ibilbide berria

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 18a, 13:05

Usurbilen homologaturiko lehenengo mendi ibilbidea aurkeztu du Usurbilgo Udalak, Andatzako errotarriak ezagutaraztea xede izango duena. Errotarrietako bat, zaharrena, Potxoenean jarri dute ikusgai.

PR-GI 216 kodea du eta marra hori eta zuriekin seinaleztatua ikusi ahalko dugu aurrerantzean. Andatzako eta Usurbilgo lehen mendi ibilbide homologatua dugu; gaur aurkeztu du Usurbilgo Udalak prentsaurreko bidez. "Errotarrien Bidea" izena ezarri diote, apropos noski, Andatzan dugun ondare aberatsaz gozatzeko aukera eskainiko digu eta. "Errotarrien ofizioa Andatzan historikoki egin izan den ogibidea da. Aztarnak oraindik mendian daude eta egin den ikerlanari esker ezagutu dugun altxor hau ezagutzera emateko mendi ibilbidea da", azaldu du Ibon Goikoetxea udal ingurumen teknikariak. 

Gipuzkoako Mendi Federazioarekin eta Foru Aldundiarekin lankidetzan zabaldutako ibilbide zirkularra da errotarriena, aipatu mendia inguratzen duen 8,7 kilometrokoa (549 metroko aldaparekin), hiru ordu eta erdi inguruan osatu daitekeena. Udal teknikariak berri eman duenez, abiapuntu eta helmuga bera du; Urdaiaga goialdea hain zuzen. Puntu hau seinaleztatua du Usurbilgo Udalak. Bidean zehar, hainbat errotarri eta harrobi ikusi ahalko ditugu. "Seinaleak hobetzen joango gara pixkanaka", ohartarazi du udaleko ingurumen teknikariak. Gaurkoz, ibilbide zehatza ezagutu dezakegu 650usurbilbizi.eus turismo eredu berriari lotutako webgunean klikatuta. Horrez gain, "epe motzean Gipuzkoa Naturan ere" eskuragarri izango da "Gipuzkoako beste mendi ibilbideekin batera".

Errotarri bat Potxoenean
Ibilbide horretan ikus daitekeen eta bertan zegoen errotarrietako bat, txikiena eta zaharrena izan daitekeena Potxoenea barruan duzue ikusgai, Irazu kalean dagoen leihoetako baten parean, Txiriboga ondoan kokatu dute; bestelako turismo eredu bat sustatzeko "650 Usurbil Bizi" egitasmoaren baitan, Usurbilgo altxorrak ezagutarazteko sustatu nahi den ibilbidean zehar "geldiune bat izan dadin", Ainhoa Arrozpide udal zinegotziak azaldu duenez. Herriko ondarea zaindu eta ezagutarazteko Udalak duen konpromisoaren beste adibide bat da honakoa udal gobernu taldearen esanetan; eta "650 Usurbil Bizi" egitasmoa ere horren ispilua da. "Herrian dugunari balioa aitortu eta ezagutaraztea dugu helburu". 14 Usurbil zehazten dituen eskuorria argitaratua dute. Bertan, "nola ez, ondarearen Usurbil ere kokatua dago".

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzaz, xehetasun gehiago jasotzeko turismo eredu berritzailearen webgunera bideratuko gaituen QR kodea duen identifikazio fitxa bat erantsi diote Potxoeneko errotarriari, herrikide nahiz bisitariek bere "ezaugarriak ezagutu ditzaten". Kasu honetan, txikitasunak duen balioa ikusteko. Zatiaundi erreka ondoan aurkitu zuten errotarri honek "60 zentimetroko diametroa du, eta tamaina da hain zuzen ere, errotarriaren antzinatasunaren lehenengo aztarna ematen diguna. Mendeak aurrera egin ahala errotarri handiagoak egiten hasi ziren, errotarrien ekoizpena handitzeko asmoarekin. Beraz, zenbat eta txikiagoak zaharragoak dira". XV. edota XVI. mendekoa izan daitekeela uste du Aranzadik. "Errotarriaren materiala silizezko konglomeratua da, eta harriaren geologia Kretaziko Goikoa – Zenomaniarra da", gaurko prentsaurrekoan argitu dutenez. "Altxor garrantzitsua beraz", Arrozpideren esanetan.

Egitasmo honen baitan, aipaturiko nobedadeez gain, aurrean, liburuxka bat argitaratzekoa da Udala paperean, 650usurbilbizi.eus eta Usurbil.eus atarietan ere eskuratu ahalko dena.

"Andatza mendia bitxi arkeologikoa"
Errotarrien bide hau, Potxoenean ikusgai jarri dutena, gai honi buruz herri honetan egona dagoen lanketan oinarritua dago, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Joseba Alonsok eta Javier Castrok, Asier Agirresarobe herrikidearen laguntzaz eginiko azterlanean. 2020. urte amaieran aurkeztu zituzten emaitzak. Castroren esanetan, "Andatza mendia bitxi arkeologikoa da, errotarrien materialagatik eta aurkitutako kopuruagatik". Errotarri eta mugarrien bueltan eginiko lanketan azaldu zutenez, 24 harrobi eta 129 errotarri identifikatuak dituzte Andatzan. Eta gehiago, aurrerago. "Horrez gain, ehunetik gora dokumentu ere topatu zituen artxiboetan. Gogoan izango duzuenez, 2021eko irailean aurkeztu genuen Orreagan 1389ko dokumentu historiko bat. Orreaga eta Zizurkilen arteko ebazpen dokumentua da, Andatzako lurren jabetzaren ingurukoa".