Tren zerbitzu bereziak gau osoz Donostiara joateko eta handik herrira itzultzeko

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 19a, 07:28

San Sebastian eguna ospatzera joateko tren zerbitzuak izango dira gau osoz Usurbil eta Donostia artean.

San Sebastian eguneko ospakizunetara joan asmo duzuenontzat interesgarria izango zaizuen albistea, garraio zerbitzuei loturikoa. Euskotren-ek ez ditu ohiko ordutegian etengo ostegun honetako joan etorriak, gau osoan zerbitzu bereziak eskainiko ditu. "Euskotrenek trenen zerbitzu berezia eskainiko du urtarrilaren 19tik 20rako gauean, ‘San Sebastian Eguneko’ joan-etorriak errazteko", iragarri du.

Orduero izango da tren zerbitzua Usurbildik Donostiara joateko, baita alderantzizko bidea egiteko ere; Gipuzkoako hiriburutik udalerri honetara itzultzeko alegia. "Gaueko zerbitzu berezi honen helburua da jaiaz gozatzeko garraio publikoaren alternatiba eroso bat bermatzea eta, aldi berean, erabiltzaileak tren desberdinetan banatu ahal izatea", Euskotren-en esanetan.

Gau osoan etenik ez
Ostegun honetan beraz, egunean zehar ohiko ordutegian igaroko da trena Usurbildik Donostiara bidean, orduerdiro 22:54ak arte. Hortik aurrera, gau osoan orduero zerbitzu bereziak izango dira: 23:54an, 00:54an, 1:54an, 2:54an, 3:54an, 4:54an eta 5:54an. 6:24tik aurrera, ostiraleroko ohiko ordutegian, 30 minutuero izango da tren zerbitzua Donostia aldera.

Donostiatik Usurbila itzultzeko kontuan izan; ostegun honetan zehar ohi bezala, orduerdiro izango da tren zerbitzua, gaueko 21:50ak arte. Hortik aurrera, Amarako geltokitik orduero zerbitzu berezia Usurbil aldera itzultzeko gau osoan zehar; 22:50ean, 23:50ean, 00:50ean, 1:50ean, 2:50ean, 3:50ean, 4:50ean eta 5:20an. Zerbitzu guztiok hiru minutu beranduago, Lugaritzeko geltokitik igaroko dira. 5:50ean hasita, ostiraleroko ohiko ordutegian eskainiko dira tren zerbitzuak.

Euskotren-etik tren zerbitzuok baliatzeko musukoa jantzita izatea ezinbestekoa izango dela ohartarazi du. Horrekin batera, "Euskotrenek trenez joango direnei ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko gomendatu die, bai APP ofizialean, bai www.euskotren.eus  webguneko bilatzailean". 
Informazio gehiago euskotren.eus atarian edo 944 333 333 telefono zenbakian.

Geltoki aldaketak
San Sebastian egunez, eguerdi partean Gipuzkoako hiriburura autobusez joan asmo duzuenontzako bestalde, adi ohar honi. Lurraldebusek jakinarazi duenez, "Zubieta plaza, Askatasuna etorbidea 3ko eta 34ko geltokiak kendu egingo dira 10:00-15:00 artean". Usurbil alderako zerbitzuak tarte horretan, "Federico Garcia Lorca kaletik" abiatuko direla zehaztu dute. Informazio gehiago lurraldebus.eus atarian edo 900 300 340 telefono zenbakian.