Neguko lehen denboralea

Ekaitz giroko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 19a, 08:40

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian segiko dugun azken eguna izango da gaurkoa.

Neguan garela gogorarazi digun urte garai honetako lehen denboralea baretze bidean da. Ekaitz giroko azken eguna izango dugu ostegun hau. Laugarren egunez, prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara egun osoz. "Ostegunean 40-60 l/m² inguru pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan", Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. Tarte horretan, "Kantauri isurialdean zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarri botako ditu eta prezipitazioa ugaria izango da, eta baliteke zenbait lekutan oso ugaria izatea; gainerako lekuetan zaparrada txiki-ertainak botako ditu".

Elurrari dagokionean, maila altuagoan zurituko du; goizean zehar 500 metro inguruan egin dezake elurra, eguerdi partean 600-800 metro artean. Atzo aktibatu zuten alerta laranja goizeko 9:00etan etengo dute, arratsaldeko 18:00ak arte abisu horian segiko dute Gipuzkoa barnealdean. Gaur etengo dira beraz, egunotan aktibatuak egon diren kolore guztietako abisu eta alerta guztiak geure inguru hurbilean. 

Aldaketa
Giro honekin, Usurbilen gaur, "goibel eta oso euritsu. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira". Aldaketa bihar; "zerua oso hodeitsu egongo da. Noizbehinka euria egingo du. Haizea aldakor ibiliko da, ekialdekoa nagusi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira". Larunbatean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus