"Osasun mentalaren proiektuarekin aurrera goaz!"

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 19a, 10:03
Usurbilgo iazko jaiei hasiera eman zien gazte txupinazoa.

Usurbilgo Ernaik udazkenean abian jarritako osasun mentalaren inguruko lanketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, herriko gazteen artean zabaldutako galdetegiko emaitzak jaso eta ezagutarazi ostean.

“Herriko gazteon osasun psikosozialaren egoera erreala zein den identifikatzeko” egitasmoa abiatu zuen Usurbilgo Ernaik udazkenean, hausnarketa fasearekin. "Gazteongan kezka handienak sortzen dituzten faktoreak identifikatze aldera, entzute prozesu batekin hasiko dugu dinamika, berau oinarritik ahalik eta partehartzaileena izan dadin", iragarri zuten herriko gazte antolakundetik. Sare sozialetan zintzilikatu zuten galdetegia osatzera animatu zituzten herriko gazteek. 

Egunotan argitaratu dituzte emaitza nagusiak. Galdetegian parte hartu duten ia denek azken urteotan haien osasun mentala artatzeko beharra sentitu dutela diote; aldiz, erdiak, "%55ak soilik jarri dio arreta". Ingurune hurbilean, lagunartean edo familian gai honi nahi edo behar besteko lekua ere ez zaiola egiten diote galdetegian parte hartu duten herriko gazteek. Ildo beretik, zenbait gai jorratzeko nahia agertu dute; drogomenpekotasunari, antsietateari, sexualitateari edota harremanei buruzko lanketak bideratzekoa. Bereziki galdetegia osatu duten emakume gazteek agertu dute hizpideok ahotan hartzeko gogoa.

Gai hautatuenak lantzera
Usurbilgo Ernaik egitasmo hau abiatzear zuela argi zioen sare sozialen bidez: "Herriko gazteok osasun mentalarekiko daukagun hurbiltasuna neurtzeaz gain, ditugun behar eta interesak identifikatuko ditugu, gazteontzat esanguratsuenak diren gaiak biltzeko eta hauekin lanketa ezberdinak bideratzeko". Galdetegiko emaitzak eskuartean izanda, halaxe egitea erabaki duela berri eman du. "Osasun mentalaren proiektuarekin aurrera goaz!". Eman asmo duten hurrengo pausoa zein izango den aurreratu dute. "Marko orokor honetatik abiatuta, hurrengo urratsera bideratzeko ordua da. Hautatuenak izan diren gaien inguruko lanketa eta tailerren prestakuntzarekin martxan gara". 

Galdetegian bildutako ondorio nagusiak
-Usurbilgo gazteen %83ak azken urteetan bere osasun mentala artatzeko beharra sentitu du eta %55ak soilik jarri dio arreta.
-Osasun mentalaren inguruan interesa erakutsi duten gazteen %67,5a emakumeak dira.
-Usurbilgo gazteen %42,6ak osasun mentalaren gaiak lagunartean duen presentzia ez dela nahikoa diote.
-Familiartean osasun mentalaren gaiak duen presentzia ez dela asegarria diote Usurbilgo gizon gazteen %85,6ak.
-Usurbilgo emakume gazteen %34,4 lagunartean osasun mentalaren gaiak duen presentziarekin asetuta daude; %14,2 gizonezkoen kasuan.
-Osasun mentalarekin lotutako hainbat gairen artean, Usurbilgo gazteen %72,3ak harremanak jorratzeko interesa adierazi du.
-Usurbilgo gazteen %25,6ak drogomenpekotasunaren inguruan hitz egiteko nahia du; horietatik %50 emakumeak.
-Usurbilgo gizonezkoen %28,6ak eta emakumezkoen %53,1ak antsietatearen inguruko lanketaren bat nahiko lukete.
-Sexualitatea lantzeko beharra ikusten dutenen artean %84,6a emakumezkoak dira eta %15,4a gizonezkoak.
-Inkesta erantzun dutenen %38,3ak hezkuntza eta osasun mentalaren gaia landu nahiko lukete.
-Usurbilgo gizon gazteen artean %57,1ak hezkuntza eta osasun mentalaren gaiarekiko interes handia du.

Iturria: Usurbilgo Ernai.