Asteburuan abisu horian izotzagatik, mendira ez joateko aholkua

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 20a, 10:18

Zero azpiko tenperatura izan dezakegu igande goizaldean. Eusko Jaurlaritzak mendira ez joatea aholkatu du, azken egunotako elur geruza izoztuko baita.

Garaian garaikoa bizitzen segiko dugu datozen egunotan. Abisu horian izango gara asteburuan, tenperatura hotzagatik eta izotzagatik. "Goizaldean, goizean goiz eta azken orduetan izotz txikia egingo du barnealdean, bereziki ekialdean; bertako zenbait lekutan goizaldean izotz handia egin dezake. Goizaldean, goizean goiz eta azken orduetan Gipuzkoako kostaldean izotz txikia egin dezake, bereziki ekialdean. Mendi inguruetan izotz txiki-handia egin dezake egun osoan", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Usurbilen, larunbat goizaldean 0 gradura hurbilduko da tenperatura; igande goizaldean aldiz, gradu bat izan dezakegu zero azpitik, aipatu meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera. Egunez ere gehienez zortzi gradu izango ditugu gaur, zazpi bihar eta sei igandean, Euskalmet-en arabera.

Tenperatura baxuarekin, elurra ere berriz beherago egin dezake larunbatean, baina askorik ez. "Elur-kota 400-600 m inguruan egongo da, eta egunaren amaieran 200-400 m-ra jaits daiteke. Goizean Kantauri isurialdean han-hemenka prezipitazio txikia egin lezake; egunaren bigarren zatian prezipitazio txikia egingo du", Euskalmet-ek ohartarazitakoaren arabera.

Mendira ez joateko deia
Giro hotz honengatik, azken egunotako elurtearen ostean, Eusko Jaurlaritzak mendira ez joatea aholkatu du, "elur-geruzaren gainean izotz-plakak sor baitaitezke azken egunotako prezipitazioaren ondoren tenperaturak bat batean asko jaitsi izanaren ondorioz". Halere, ohartarazi duenez, "joatea erabakiz gero, Euskalmeten iragarpenak jarraitzea eta behar bezala ekipatuta joatea" gomendatu du.

Zero azpiko tenperatura
Giro honekin, gaur Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Arratsalde-gau partean atertzera egingo du eta ostarteak zabalduko dira. Ipar-haizea ibiliko da, egunaren amaieran ekialdekoa. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira". Larunbatean, "zerua hodeitsu egongo da. Goizetik aurrera euria egin dezake. Goizean goiz mendebaldeko haizea ibiliko da, gainerako orduetan iparraldekoa. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da". Igandean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da eta izotza egin lezake", ohartarazi du Euskalmet-ek. 

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus