“Saskibaloiari lotuta lan asko egin dut orain arte”

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 20a, 09:46

Kirol kazetaritzan dihardu lanean Jon Hernandez kazetariak. Euskadi Irratian entzuna izango du nork edo nork, bai eta saskibaloiari lotuta egin dituen lanetan edota udaz geroztik sortu duen podcastaren bidez. Saskibaloi zaleentzat podcast bikaina sortu du euskaraz egunerokotasuna jarraitu nahi dutenentzat.

NOAUA! Kazetaria zaitugu eta sarri ibili zara kirol kazetari lanetan. Zertan zabiltza orain?
Jon Hernandez: 2019ko ekainean amaitu nituen kazetaritza ikasketak eta ordutik, Euskadi Irratian bekadun ibili naiz. Ikasketak amaitu baino zertxobait lehenagotik zehatzago izateko. Behin beka amaitu zitzaidanean, ordezkapenak egiten hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut orain ere. Hiru urte eta erdi daramatzat horrela. Master bat ere egin nuen multimedia kazetaritzan. EITB eta EHUk eskaintzen duten master bat da, eta horrek gero aukera eman zidan praktikak egiteko Bilbao Basketen komunikazio lanetan. Orain oraingoz, Euskadi Irratian ordezkapenak egiten jarraitzen dut eta Donostiako produktora batentzat ere lan egiten dut. Bilbao Basketen partiduak ematen dituzte eta hor ere ordezko moduan nabil.

Saskibaloiak aurkitu zaitu edota zuk hura aurkitu duzu, beraz.
Saskibaloiari lotuta lan asko egin dut orain arte. Masterreko praktikak, aipatu bezala, ACB saskibaloi ligako talde batean egin nituen, podcast bat daukat saskibaloiari buruz eta Euskadi Irratian ere tarteka saskibaloiari buruzko informazioa ematea tokatzen zait.

Saskibaloia duzu kirol gustukoena?
Bai. Usurbilen futbol eta eskubaloian ibiltzeko aukera dago, baina saskibaloian ibiltzekorik ez. Beraz, jende gehienak bi kirol horiekiko du zaletasun gehien. Nik txikitatik ikusi izan dut saskibaloia futbolarekin batera, eta eskolako patioan ere kirol horiek praktikatzen genituen. Baditut lagun oso saskibaloi zaleak ere, nahiz eta gehiengoa futbolzalea den.

Saskibaloiari buruzko podcast bat ere baduzu.
Udan baneukan zerbait egiteko ideia eta neskalagunak ere bultzatu nau bide hau hartzera. Euskaraz ez dago gisa honetako produkturik, edo nik dakidala behintzat ez. Gazteleraz egongo dira, baina euskaraz hutsune hori ikusi genuen. Hobby modura planteatu nuen hasieratik, gerora ordezkapen asko edo tokatuz gero, baldintza ez ziezadan. Lehen ideia bat sortu eta programaren hezurdura prestatu nuen eta gonbidatuak prestatu nituen. Horrela hasi zen proiektua eta horretan dihardut lanean.

“Ivoox eta Spotify plataformetan zabaltzen dut podcasta”

NOAUA! Non aurki daiteke podcast hori?
Jon Hernandez: Nik Ivoox plataformaren bidez egiten dut podcasta. Ikertzen aritu nintzen zein plataforma erabil nitzakeen podcast bat sortzeko eta Ivooxek aukera ematen zuela ikusi nuen podcast hori Spotifyra igotzeko. Grabatu eta editatu Audacity programaren bidez egiten dut eta ondoren, audioa Ivooxera igotzen dut. 30 egin ditut orain arte, 15 euskaraz eta beste hainbeste gazteleraz. Horiek guztiak Ivooxen aurki daitezke. Spotifyen azken 20 baino ez dira mantentzen, igo ahala zaharrenak desagertu egiten dira eta 20 berrienak mantentzen dira bertan. Twitterren ere podcasterako lotura zuzena daukat eta @podcast_airball kontuan eta hor jartzen ditut programa guztiak.

 

“Beti esan izan didate irratirako ahotsa daukadala”
NOAUA! Euskal Herrian saskibaloi zaletasun handia dagoela uste duzu?
Jon Hernandez: Euskal Herrian momentu honetan bi talde dauzkagu elitean: Baskonia eta Bilbao Basket. Bigarren mailan Iraurgi eta Gipuzkoa Basket. Nire ustez, saskibaloiarekiko pertzepzioa oso ezberdina da probintzia bakoitzean. Araban saskibaloi zaletasuna futbol zaletasuna baino indartsuagoa dela esango nuke. Baskonia da hiriaren eta probintziaren ikur nagusia, nahiz eta Alaves futbolean ere badagoen bigarren mailan. Saskibaloi tradizio handia du Arabak eta oso talde ona dute, gainera. Bizkaian Bilbao Basketekin ere antzeko zerbait gertatzen da, masa sozial handia mugitzen duelako. Kasu horretan, ordea, ezin da konparatu Athleticekin. Athleticekiko zaletasuna izugarria da Bizkaian eta ezin du horren aurka ezer egin Bilbao Basketek. Gipuzkoan, berriz, ez dago zaletasun handiegirik. Gipuzkoa Basket oso indartsu egon zen garaian Reala bigarren mailan zegoen eta saskibaloiak indar handia hartzeko aukera izan zuen egoera hori ikusita. Euskal Herri osoa hartuko duen irudi bat egitea oso zaila da probintziaka egoera oso ezberdina delako.

Zure ibilbide profesionalari jarraituz, nora heltzea gustatuko litzaizuke?
Niri beti esan izan didate irratirako ahotsa daukadala. Orain arte egin dudan ia lan guztia irratian izan da eta posible balitz bide horretatik jarraitzea gustatuko litzaidake. Podcasta ere bide horretatik dator zuzenean, nolabait. Kiroletan aritu naiz ia beti orain arte eta kazetaritzak dituen arloetan hori dut gustukoen. Beraz, irratian kirol kazetari lanetan ikusten dut neure burua.