Beterri Saretuz egitasmoak lehen topaketa egin du Andoainen

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 22a, 20:19

Beterri Saretuz egitasmoak aurtengo lehen topaketa egin zuen Andoainen asteazkenean, hilaren 18an, Martin Ugalde Kultur Parkean. Debagoiena 2030 egitasmoaren eredua ezagutu eta eskualde batean eragiteko gakoak zein izan daitezkeen aztertu zuten partehartzaileek. 2023an sareko kide diren enpresa eraldatzaileek jasoko dituzten formazio saioak ere zehaztu zituzten.

Beterri-Buruntza eskualdean bestelako ekonomia eta jendarte eredu parte hartzaile eta eraldatzailea bultzatu nahi duen Beterri Saretuz egitasmoak edizio berri bati ekin zion Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean egindako topaketan. Sarrera hitzaldirako Debagoiena 2030eko Aritz Ameztegi gonbidatu zuten, eta hark Gipuzkoako eskualde horretan egiten ari direnaren inguruan hitz egin zuen. Debagoiena 2030 sare ireki bat da, lurraldearen garapen komunitarioa bultzatzea helburu duena, eta hainbat udal, elkarte eta enpresak hartzen du parte bertan, tartean garrantzia handia du Fagor kooperatibak.

 

Ameztegik egitasmoaren ibilbidea, helburuak eta erronkak azaldu zituen hitzaldian. Hainbat proiektu dituzte esku artean, energiari eta inklusioari loturikoak: “Lurraldean inpaktua izatea bilatzen genuen, horregatik aukeratu ditugu arlo horiek”. Baina horraino iristeko, lehenik eskualdeko udal ordezkariei, eragileei eta enpresei “entzun” beharra azpimarratu zuen hizlariak, bakoitzak zer interes eta behar duen jakiteko: “Energiaren gaia zehazteko, adibidez, alkateekin hiru erronda egin behar izan genituen. Hortik, udal bakoitzari proiektuak aurkeztu genizkien, baina beraien beharretatik abiatuta”, azaldu zuen. 

 

Ikasturte honetarako formazio saioak zehazterako orduan, udalekin eta eragileekin izaten diren harremanetan elkar entzuteko bideak hobetzea izan da Beterri Saretuzeko partaideen eskarietako bat. Nolanahi ere, beste hainbat formazio saio ere definitu dituzte, hemendik martxora bitartean egitekoak.

 

Formazioan ez ezik, komunikazioaren arloan egiten ari direnaz azalpenak eman zituzten topaketan egitasmoko kideek, baita hezkuntza eragileekin egiten ari diren lanketaren inguruko xehetasunak ere. Aurtengo erronketako bat izango da aztertzea ekonomia sozial eraldatzailea nola txertatu daitekeen eskualdeko lanbide heziketako zentroetan. Beterri Saretuzen koordinazio lantaldetik azpimarratu zuten aurtengoa “inflexio urtea” izan daitekeela egitasmoarentzat, eta hemendik aurrerako finantzazio bideak nola jorratu hausnartuko dutela.

 

Maiatzean halako beste topaketa bat egingo du Beterri Saretuzek zikloa ixteko, eta asmoa da irekiera ekitaldian bezalaxe gonbidatu berezi batek hitzaldia ematea esperientzia konta dezan.