Dortsalak agortuta, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako itxarote-zerrenda

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 23a, 08:45

Egunotan izena ematen dutenak itxarote-zerrendan geratuko dira. Antolakuntzaren jakinarazpena beharko dute igandeko proban parte hartzeko.

Akabo, plaza guztiak beteta dituzte igande honetako, urtarrilaren 29ko mendi bizikleta gaineko erabiltzaileen topaketak. Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako antolakuntzak zaleen esku jarritako dortsalak agortu dira eta itxarote-zerrenda osatzen hasi dira orain. Honenbestez, egunotan (urtarrilaren 25era arte) inskripzioa bideratzen duenak jakinarazpena jasoko du baldin eta plazaren bat eskuratzeko zortea badu. Proban parte hartzeko 25 euro ordaindu beharko dira. Partaideek hiru ibilbide izango dituzte aukeran:
-Motza: 22km + 600 m.
-Ertaina: 27km + 935 m.
-Luzea: 35km + 1150 m.

Antolakuntzak urtero moduan gogorarazia duenez, "martxa hau ez da lehiakorra eta parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da eta 14koa baldin eta partaideak uneoro heldu arduradun bat eramaten badu ondoan". Segurtasunari dagokionean, kaskoa jantzita izatea derrigorrezkoa izango da. "Izen-emandako parte hartzaile guztiak erantzukizun zibileko aseguruarekin babestuta egongo dira, baldin eta egiazkoak diren izena emateko orrian emandako datuak". Probak zeharkatuko dituen bideak eta bazterrak errespetatzeko eskaera antolakuntzatik, "Irisasi BTT proba herrikoiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa den eta kudeatzen duen "Irisasi" Herri Onurako mendiaren bide eta gune naturalak zeharkatzen ditu" eta.