Filmak, Inauteri Festarako gaia

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 23a, 12:29

Ikus-entzunezkoen industriaren plaza bilakatuko da Usurbil, otsailaren 18ko Inauteri Festan.

Euskal Herrian nahiz atzerrian ekoitzitakoak izan daitezke; estreinatu berriak edo iragan urrunagokoak, areto handietan nahiz plataforma bidez eskaintzen direnak, baita genero ezberdinetakoak ere. Sinopsiak irudikatu, kamera aurrean nahiz atzean lan egiten dutenak plazaratu ditzakezue, industria horretan ezinbestekoak diren baliabide teknikoak ere protagonista bilakatu. 

Usurbil euskal "Hollywood"-eko pasarela izango dugu datorren otsailaren 18an; izan ere, filmak dira eta, aurtengo Inauteri Festarako hautaturiko gaia. Zuen ekarpenetatik erabakitakoa izan da datorren jaialdian mozorrotzeko aitzakia.

Otsaileko hirugarren larunbat horretan izango dugun festa giroko osagaietako bat izango da mozorroena, ez bakarra ordea. Jaialdi girotua izango baita urtero moduan. Xehetasun gehiago, datozen asteotan.

AURREKO INAUTERI FESTETAN...
2023: filmak.
2022: gai librean ospatu zen Inauteri Festa.
2021: osasun krisialdia tarteko, ez zen Inauteri Festarik antolatu.
2020: dantza.
2019: jolasak.
2018: ospetsuak.
2017: Ingurumena.
2016: lanbideak.
2015: ipuinak.
2014: Erdi Aroa.
2013: musika.
2012: mitologia.
2011: itsasoa.
2010: zirkoa.
2009: Olinpiar Jokoak.
2008: xomorroak.
2007: Brasil.
2006: marrazki bizidunak.
2005: Usurbil, Oesteko herri.
2004: Hollywood.
2003: munduko kulturak.
2002: extralurtarrak.