Usurbilgo odol-emaileak omendu eta eskertu dituzte

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 23a, 13:48

Patri jatetxeko bazkariaren bueltan merezitako oroigarriekin eskertu dituzte igande honetan, besteentzako odola ematen duten hainbat herrikide.

Pozarren eta merezimendu osoz jaso dituzte oroigarriak odol-emaile omenduek, igande honetan Patri jatetxean ospatu duten Odol Emaileen Egunean. Gutxienez, 25, 50 eta 75 aldiz guztiok bizitzeko nahiz bizitzan zehar, ebakuntzaren edo larrialdi egoeraren batean behar dugun odola eman dutenak omendu eta eskertu dituzte. Irudiotan duzue aipatu Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteko ordezkari, senide eta lagunekin batera, atzoko hitzordura joandako zenbait omendu: Joxe Leon Arriaga Intxausti, Jose Luis Artola Zuloaga, Jose Maria Rivadeneyra Sicilia, Gabriel Sarasola Ibargoyen, Roman Agirre Arruti eta Jose Luis Bengoetxea Ugarte. Zorionak!

2022. urteari dagokion balantze gozoa egin du Odol-Emaileen elkarteak. “218 odol-poltsa jaso dira 160 herritarrek emandako odolarekin. Haietatik 13 izan ziren iaz lehen aldiz odola eman dutenak”. Emaitza hauekin pozarren dira aipatu bilguneko kideak. Lerroon bidez, iaz odola eman zuten guztiak eskertu nahi dituzte, bereziki estreinakoz odola ematera joandakoak.

Datorren emanaldia, martxoaren 6an. 2024ra ere begira dira aipatu elkarte honetako kideak; datorren urean, 50 urte, mende erdia beteko baitu odol-emaileen Usurbilgo bilguneak.


Herrikide omenduak
25 aldiz odola eman dutenak:
Joxe Leon Arriaga Intxausti, Jose Luis Artola Zuloaga, Larraitz Barrenetxea Arando Martinez, Urko Manterola Matxain, Jose Maria Puldain Tolosa, Jose Maria Rivadeneyra Sicilia, Gabriel Sarasola Ibargoyen.

50 aldiz odola eman dutenak:
Josu Mirena Arruti Huegun.

75 aldiz odola eman dutenak:
Roman Agirre Arruti, Moises Andres Zubiria, Jose Luis Bengoetxea Ugarte.

Odola emateko...
Datorren hitzordua: martxoak 6, astelehena.
Ordutegia: 16:30-20:10.
Tokia: Udarregi Ikastola.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus

Deitzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.