Txirikordari buruzko argibideak jasotzeko bilera larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 24a, 08:40

Otsailean zabaltzekoa dute Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan bizi nahi dutenentzat izen-emateko epea. Aurretik, zalantzak argitzeko bilera deitu du Udalak larunbatean, hilaren 28an.

Udalak Txirikordan bizi nahi dutenentzako izen-ematea otsailean irekitzea aurreikusia du. Aurretik, egitasmo honi buruzko xehetasunak eman nahiz zalantzak argitzeko informazio bilera deitu du, proiektu hau dinamizatzen aritu den Hiritik At kooperatiba kideekin batera, urtarrilaren 28an goizeko 11:00etan Potxoenean. Ekitaldirako gonbidapenak aurrez eskuratu ahalko dira usurbilkultura.eus plataforman. 

Ordenantza betiko onartua
Usurbilgo Udalak behin betiko onartu du Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioari lotutako ordenantza. Xehetasunak urtarrilaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten iragarkian dituzue. Ugartondon lanak amaitzear dituzten eraikineko bizilekuen esleipen prozesuaren nondik norakoak edota pisu hauetan bizitzeko onuradun izateko betebeharrak zehazten dituen araudia betiko onartu dute, jendaurrean egon den tartean alegaziorik ez baita aurkeztu. Gogoan izan; iragan urriaren 27an egin zuten udalbatzarrean eman zitzaion hasierako onespena "baremazio eta esleipen prozedura arautuko duen" ordenantza honi. 


TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. Kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe. "Kolektiboren batean ordezkariek ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko lirateke. Itxaron zerrenda osatuko da etorkizuneko bajak betetzeko".
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 10 etxebizitza eta biko beste sei.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea. 
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da. 
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, etxebizitza hori hutsik ez dagoen konpromisoa hartuko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urtea.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.