Pauso gehiago, Aktibatzen plan estrategikoaren garapenean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 24a, 12:54

Sektoreko hainbat herri eragilerekin lankidetzan garatzen ari den Aktibatzen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoaren testuinguruari lotutako zenbait ekimenen berri eman du Usurbilgo Udalak aste hasiera honetan Oiardo Kiroldegian.

Batetik, Eskola Kirolaren baitan LH 5 eta 6 mailetako multikiroleko ibilbideari buruzko hausnarketa prozesuari ekitera doaz. Hainbat eragile (Usurbilgo Udala, NOAUA! K.E., Udarregi ikastola, eskola kiroleko nahiz Zirimarako koordinatzaileak, talde sustatzaileko kideak, guraso elkarteetako kideak...) biltzen dituen mahai teknikoan jasotako kezkaren harira erabaki dute bilgune horretan bideratu duten hausnarketa herriarekin partekatzea.

Mahai tekniko horretan egiten dute besteak beste, azken urteotan martxan jarri eta sendotzen joan den Zirimara proiektuaren jarraipen eta eraldaketa lana. “Gaur egun, Usurbilen LH 5 eta 6 mailetako multikirolen ibilbidean urte erdiz futbolean eta beste urte erdiz eskubaloian aritzen dira, eta jarduera hau generoka banatuta antolatzen dugu. Galdera ezberdinak sortu dira; alde batetik, generoka bantutako jarduera sustatu behar ote dugun edo ez, zer ote den egokiagoa. Edo bestalde, multikirolaren ibilbideko jarduera bi modalitate horietara murriztu behar den edo kirol aniztasun zabalago baten baitan antolatu behar dugun gure eredua”.

Otsailaren 1ean hasiko den prozesuaren baitan, lehen saioan gai honi buruzko informazioa jasotzeko aukera izango da aditu talde baten eskutik. Bigarrenean Usurbilgo errealitatearen berri emango dute; “plan estrategikoan jasotako galdetegien emaitzak eta LH 5 eta 6 mailetako ikasleei helaraziko diegun galdetegien” emaitzak aurkeztuko dituzte. Hartara, tokiko ereduaren “indargune eta ahulguneak identifikatzen saiatuko gara”. Proposamen zehatzak landu asmo dituzte hirugarren eta azken saioan.

Hitzorduok irekiak izango dira; interesa duen herritar orok parte hartu ahalko du. Noski baita, Zirimarako hezitzaile, guraso edota kirol taldeek.

 

Saioak Potxoenean
Otsailak 1, asteazkena
18:30
Hitzaldi-solasaldia:
-“Kirol hastapena: espezializazioa vs kirol-aniztasuna” Hizlaria: Javier Yanci Irigoyen, EHUko ikerlaria.
-“Gipuzkoako Eskola Kiroleko eredua”. Hizlaria: Unai Asurmendi, Gipuzkoako Aldundiko Kirol Planifikazio teknikaria.
-“Aniztasuna Eskola Kirolean: zer dago jokoan?”. Hizlaria: Uxue Fernandez Lasa, EHUko ikerlaria.
-“Usurbilgo Eskola Kirolaren erronka EkitAktiboak”. Hizlaria: Juan Aldaz Arregui, EHUko ikerlaria.
Izen-ematea aurrez usurbilkultura.eus plataforman.

Otsailak 22, asteazkena
18:30
Usurbilgo errealitatea, indarguneak eta ahulguneak.

Martxoak 15, asteazkena
18:30
Proposamen zehatzen lanketa.

Herritarrak kudeatzaile
Prozesu hau abiatu aurretik, Oiardo Kiroldegiko erabiltzaileek nahiz herritarrek orohar, kirol materiala nola berritu erabakitzeko aukera izango dute otsailaren 3ra arte. Hasieraz onartuak dauden 2023ko udal aurrekontuetan 8.000 euroko partida bat erreserbatu du Usurbilgo Udalak baliabideotarako. Baina azken hitza herritarrek izango dute. Aipatu diru kopurua nola xahutu, zenbateko hori nola banatu material ezberdinen erosketan erabaki ahalko dute. Horretarako, Kiroldegian bertan formulario bat betetzeko aukera izango da otsailaren 3ra arte, edo online ere osatu ahalko dute; erabiltzaileek jasoko duten emailearen bidez baita. Formulario hauetan oinarrituta erabakiko du Udalak kirol materialean egin beharreko inbertsioa.

Iaz kirol instalakuntzetan eginiko hobekuntzei segida emango die modu horretan. 2022an, besteak beste, honako inbertsio hauek bideratu ditu Udalak: saunan dutxa hotza, gimnasioan material berria, erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko sarrera-irteera tornu berriak eta segurtasun kamera, harrerako komun egokitua, Haraneko etxea berriz erabilgarri jartzea, boleiboleko taldearentzako pista egokitu eta instalakuntza jartzea, soinketa erritmikakoen lona gordetzeko espazioa, Haraneko gas deposituaren aldaketa...”.

Zoru pelbikoa
Emakumeei zuzenduriko zoru pelbikoaren zainketarako lanketa teoriko eta praktikoa abiarazi du baita Udalak. Abenduan egin zuten hitzaldian 15 lagunek parte hartu zuten. Hamabost emakumerentzako lekua zegoen hilabete honetan hasi duten ikastaroan, baina 27 izan dira izena eman dutenak eta bi talde osatu dituzte. “Lan ildo hau ere plan estrategikoaren baitan kokatzen da, guztiontzako kirola sustatzeko”. Udaletik jakinarazi dutenez, “orain arte parte hartzen ez zuten hainbat pertsona ikastaro honetan egotea lortu dugu”.