Ziortzak hiru eguneko irteera prestatu du LH5 eta LH6ko ikasleentzat

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 24a, 14:42

Ziortza Gazte Elkarteak antolatzen dituen ekintzetara gero eta gazte gehiago hurbiltzen dira. Adin ezberdinetakoak hurbildu ere. Horregatik, eskaintza ahalik eta gehien zabaldu asmoz, LH5 eta LH6ko ikasleentzako ere irteera bat antolatu dute. Apirilaren 11tik 13ra, Aste Santuko oporraldi egunetan.

Zarauzko Igerain aterpetxean hiru egun igarotzeko proposamena luzatu diete Ziortzakoek adin horretako gaztetxoei. Apirilaren 11n goiz partean abiatu eta apirilaren 13an arratsaldez bueltatuko dira. Tarte horretan,  “ekintzez beteriko programaketa zabalaz gozatzeko aukera izango dugu. Beraz, elkarbizitzan parte hartzera animatzen zaituztegu, primeran pasako dugu!”.

 

ZIORTZA GAZTE ELKARTEA

“Izena ematen duten gaztetxoen gurasoekin bilera bat egingo dugu informazio gehiago helarazteko: irteera zein itzuleraren ordu zehatzak, eraman beharrekoa eta abar”

 

Zarauzko Igerain aterpetxean

  • Noiz: Apirilaren 11tik 13ra.
  • Non: Igerain aterpetxean (Zarautz).
  • Nori zuzendua: LH5 eta LH6-ko gaztetxoei.
  • Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.
  • Prezioa: 60 euro, bi gau eta otorduak barne (lehenengo eguneko bazkaria etxetik eraman beharko da). Garraioari dagokionez, baliteke garraio publikoa erabiltzea aterpetxera gerturatzeko, kasu honetan kostu honen ardura ez luke Ziortza Gazte Elkarteak hartuko.

 

Izen-ematea

Urtarrilaren 25ean hasi eta otsailaren 6an amaituko da izen-ematea. Beraz, izena eman nahi baduzu ondorengo estekako galdetegia bete: https://forms.gle/E6hGU47g2SXEg9Gp8

Plaza mugatuak direnez, “eskainitako plaza guztiak betetzean, ondoren izena ematen dutenek elkarbizitzara etortzeko aukerarik ez lukete izango. Plazak izen-ematearekin batera esleituko dira”. Beraz, ez da zozketarik burutuko. 

Behin izen-ematea itxita, irteeraren aurretik, izena eman duten gaztetxoen gurasoekin bilera bat egingo dugu informazio gehiago helarazteko.