Antolakuntzaren ohar sorta, datorren Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probari begira

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 24a, 07:22

500 partaideren langa gainditu duen Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako kontuan hartu beharreko ohar sorta plazaratu du antolakuntzak.

Kontuan hartu beharreko ohar sorta kaleratu du azken orduotan, igandean, urtarrilaren 29an egingo den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probaren antolakuntzak. Batetik, gogoan izan, 500 parte hartzaileren kopurua gainditu dela eta dortsalak agortu direla. Plaza guztiak bete dira datorren igandeko hitzordurako. Itxarote-zerrenda osatzen hasi dira orain. Honenbestez, egunotan (urtarrilaren 25era arte) inskripzioa bideratzen duenak jakinarazpena jasoko du baldin eta plazaren bat eskuratzeko zortea badu. 

Dortsala egokitu zaienak adi egon daitezela izen-ematean idatzita utzitako posta elektronikoko helbideari, bertan jasoko baitu jakinarazpena, bestela kronoak.com atarian sartuta kontsultatu. Igande goizean jende pilaketa saihesteko ahal dutenek dortsalak larunbat arratsaldean jasotzea eskatu dute antolatzaileek, 16:00-19:00 artean Sutegin. "Derrigorrezkoa da dortsala jasotzea (Sutegin) eta kaskoa janztea. Dortsalarekin batera, txalekoa egongo da". Bestela, igande goizean, 8:45ak arte ere dortsala eskuratzeko aukera izango dute izena emanda dutenek.

Ibilbidetik ez atera
Igande goizeko 9:00etan abiatuko dira mendi bizikleta gaineko parte hartzaileak mendira bidean. Ordu laurden lehenago, 8:45ean abiatzeko prest egotea eskatu dute antolatzaileek. Partaideek hiru ibilbide izango dituzte aukeran:
-Motza: 22km + 600 m.
-Ertaina: 27km + 935 m.
-Luzea: 35km + 1150 m.

Finkatu den bidetik ez irteteko deia egin du. "Gipuzkoako Diputazioak basoen eta naturaren kontserbazioa lortzeko kudeatzen dituen bideak eta ingurune babestuak erabiltzen ditugu IRISASI BTT trabesia antolatzeko. Beraz, errespetatu beti antolakuntzak ezarritako eta balizatutako ibilbidea, bertatik atera gabe". Ibilbidean zehar, laguntzaileak egongo dira. Halere, istripu edo larrialdi egoeraren bat biziz gero, 943 46 46 22 DYAren telefono zenbakira deitu beharko da. 

Proba amaieran, bizikletak garbitzeko mangeak jarriko dituzte Kiroldegi ondoan, dutxak izango dira Oiardon.