Ana Merino: “Literaturarekiko dudan pasioa transmititzen ona naizela uste dut”

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 26a, 09:49

Literaturazalea bazara eta udal liburutegiko martxa jarraitzen baduzu, bere aurpegia ezaguna egingo zaizu. Ana Merinok Sutegiko gaztelerazko literatura solasaldiak gidatzen ditu. Gauza bera egiten du Donostiako kultur etxe ezberdinetan. Horretaz gain, idazketa tailerrak eskaintzen ditu. Sarean ere aurkituko duzue. Duela hamar urte blog batean idazten hasi zen (serescritor.com) eta podcast batean ere hartzen du parte: serescritor. Literatura ofizioa izateaz gain, pasio handia da gure elkarrizketatuarentzat. Donostiarra, aspalditik bizi da Usurbilen eta bere ogibideari buruzko argibideak eskaintzeaz gain, hainbat literatur gomendio egin dizkigu.

NOAUA! Irakurle talde bat baino gehiago gidatzen duzu, tailerrak eskaintzen dituzu, aurkezle lanak egin dituzu Donostiako Literaktum jaialdian... Nola definituko zenuke zure burua?

Ana Merino: Literatura irakaslea naizela diot beti. Baina ez naiz eskola batean lan egiten duen irakasle horietako bat. Helduekin egiten dut lan. Eta zergatik helduekin eta ez gaztetxoekin? Ba hasi, umeekin hasi nintzen akademia batean. 25 urtetik gorako helduekin ere banuen beste talde bat. Beraz, umeekin zein helduekin lan egiteko aukera izan nuen. Eta umeekin oso gaizki pasa nuen. Ez naiz gaztetxoei eskolak emateko gai sentitzen. Ez ziren gustura etortzen eta lan bikoitza egin beharra nuen: literatura gustuko bilakatu eta irakatsi beharrekoa irakatsi.

 

Aldea hor dago: helduak beren borondatez hurbiltzen dira idazketa tailerretara.

Hori da, gogotsu etortzen dira eta nik bakarrik egin behar dudana da eskola eman eta gozatu. Beste zereginetan ere, solasaldi literarioetan edota literaturaren gaineko beste jardueretan gozatu egiten dut.  Zentzu horretan, literaturarekiko dudan pasioa transmititzen ona naizela uste dut. Horregatik esan ohi dut ni literatura irakaslea naizela. Liburu batek zergatik negar edo barre eginarazi dion; pertsonaiak zergatik iritsi zaizkion barruraino; nola eraikia dagoen nobela; zer nolako egitura duen... Hori dena ikustarazten saiatzen naiz. Horregatik diot nik literatura irakasten dudala.

 

ANA MERINO

“Zergatik iritsi zaizkigun pertsonaiak barruraino,  nola eraikia dagoen nobela, zer nolako egitura duen... Hori dena ikustarazten saiatzen naiz. Horregatik diot nik literatura irakasten dudala” 

 

Nondik datorkizu literaturarekiko pasioa?

Donostiako Usandizaga institutuan batxillergoa ikasi nuen eta literatura irakasle on bat izan genuen. Eragin handia izan zuen nigan. Ahots zoragarria zuen, sakona. Gelara sartu eta lehenbiziko gauza irakurri egiten zuen; boz altuan eta gela osorako. Literaturarekiko lilura garai horretan piztu zitzaidan. Liburuen inguruko iruzkinak idazten genituen eta oso eroso sentitzen nintzen horretan. Azterketetan, idatzi bat ematen ziguten eta iruzkina inprobisatu behar zenuen. Eta nik erraztasun handia nuen. Orduantxe erabaki nuen letren aldeko apostua egingo nuela. Kazetaritza egin nahi nuen baina Bilbora joan beharra nuen eta azkenean filologia ikastea erabaki nuen.

 

Gaur egun gazteak –eta ez hain gazteak– pantailara pegatuta bizi gara. Aisialdiaren eskaintza ere asko zabaldu da. Literaturak lehen zuen pisua galdu du akaso?

Gaur egun, oso zaila da literatura irakaslea izatea. Ume bat liburu bat irakurtzen has dadin, zu ikusi behar zaitu irakurtzen. Asko irakurri behar duzu eta ez edozer gauza.

Nire ustez, ume direnean nahi dutena hautatzen utzi behar zaie. Garai batean esaten zieten ez hautatzeko beti komikia. Zergatik ez? Txikiei gustuko dutena hautatzen utzi behar zaie. Behin hazten direnean, bideratu egin behar dira. Eta horretarako oso inportantea da asko irakurtzea, jakiteko nondik nora bideratu behar dituzun.

Gaztetxoek, gaur egun, modu indibidualean irakurtzen dute nagusiki. Ez dute amankomunean irakurtzen liburu bat, boz altuan. Ikasleek, nonbait, maila ezberdina dutelako. Nire ustez ordea,  oso inportantea da ikasleei gelan bertan irakurtzea. Liburuaren hasiera besterik ez bada. Irakurketa horrek ikasleak sorgindu ditzan.

 

“Sutegiko udal liburutegiko arduradunek tandem ona osatzen dute”

Irakurle talde bat gidatzen duzu Usurbilgo udal liburutegian. Urtean bizpahiru saio eskaintzen dituzu. Nolakoak dira bilkura horiek?

Gehienak liburua irakurrita etortzen dira. Eta hori oso garrantzitsua da, ze beste tertulia batzuetan jendea solik entzutera hurbiltzen da. Bertan entzundakoak interesa pizten badie, liburua irakurriko dute. Edo ez. Hala esan zidan emakume batek Donostiako tertulia batean. Usurbilgora datozenak ordea, liburua irakurrita etortzen dira eta asko parte hartzen dute solasaldietan. Emakumeak dira nagusi baina hori hala izaten da beti; hemen eta toki guztietan.

 

SUTEGIKO SOLASALDIAK

“Bakartxo Iguaranekin prestatzen ditut saioak. Zerrenda bat dugu egina eta bion artean adosten ditugu proposatu beharreko liburuak”

 

Solasaldi literarioetan zeri ematen diozu garrantzia?

Gaia baino gehiago, nola idatzia dagoen interesatzen zait. Idazleak nolako lengoaia erabili duen, nola egituratu duen trama, esaldi laburrak ala luzeak baliatu dituen, adjektibo asko dauden ala ez, figura literarioen alde egin ote duen, erritmoa... Nola idatzia dagoen, hori da gehien interesatzen zaidana.

Solasaldian zehar, partehartzaileei galdera ezberdinak egiten dizkiet. Pertsonaien tratamenduaz, tramaz... Horrela gidatzen dut tertulia. Etxeko bakardadean irakurtzen dute baina gero denon artean partekatzen dugu irakurritakoa. Iritziaz harago, nobelak azaldu diguna eta idazlearen estiloa hobeto uler dezagun. Dena den, solasaldiari ekin aurretik iritzi orokor bat eskatzen diet denei.

 

Proposatutako liburuekin beti asmatzen al duzu? Solasaldietara hurbiltzen direnek zer diote?

Giroa sanoa da gure artean eta batzuetan esan izan didate: “a zer rolloa, nolatan hautatu duzu liburu hau?”. Solasaldiaren amaieran ordea, beste inpresio bat hartzen dute eta iritziz aldatu ohi dute: “aizu, ba orain ez zaigu hain liburu txarra iruditzen”, kar, kar, kar.

 

Eta Sutegiko udal liburutegikoekin nolakoa da harremana?

Zorte handia dugu Usurbilen. Bakartxok eta Breogánek (liburutegiko arduradunek) tandem ona osatzen dute. Nik Bakartxo Iguaran gehiago ezagutzen dut eta oso ona da. Luxu handi bat. Asko daki, asko irakurtzen du eta irakurleei zein Sutegiko erabiltzaileei laguntzeko garaian esku ona du. Badaki zer nolako irakurketa aholkatu behar dien udal liburutegiko erabiltzaileei.

 

Usurbilgoaz gain, hilabetero proposamen literarioak egiten dituzu Donostiako Okendo zein Tomasene kultur etxeetan.

Donostiakoetan nik proposaten ditut liburuak. Usurbilen ezberdina da. Bakartxorekin elkartzen naiz eta berarekin prestatzen ditut solasaldiak. Zerrenda bat dugu egina eta bion artean adosten ditugu proposatu beharreko liburuak.

 

Duela bi hilabete Donostiako Literaktum jaialdian hartu zuen parte. Jesús Carrasco idazlearen solasaldia gidatu zuen. Argazkia: Literaktum.

 

Ana Merino: “Aspalditik eskaintzen ditut idazketa tailerrak”

Solasaldiak gidatzeaz gain, idazketa tailerrak ere eskaintzen dituzu, ezta?

Aspalditik ematen ditut idazketa tailerrak. Iaz arte, Kutxa Gelak zikloan aritzen nintzen. Tabakaleran 5 urtez izan ginen lanean eta aurretik Donostiako erdigunean. Lehen aipatu dizudan akademian eman nituen lehen urratsak, baina idazketa tailerrak eskaintzen Kutxa Geletan hasi nintzen. Ariketak proposatzen genituen, eta zuzendu eta gero, denon artean aztertzen genituen. Batzuk presentzialak ziren, beste batzuk posta bidezkoak. Iaz ordea, Kutxak bertan behera utzi zituen tailer horiek denak.

Liburuak irakurtzen genituen baina batez ere narrazio laburrak aztertzen genituen. Ipuina da narrazio bat aztertzeko generorik egokiena. Udarregi ikastolan ere kontuan hartu beharko luketeela iruditzen zait. Nobelen ordez, ipuinak irakurtaraztea. 5, 10 edo 15 orrikoak, Edgar Allan Poerenak, adibidez. Gelan hasi eta buka dezakezu ipuinaren irakurketa; eta ikasleekin batera aztertzeko aukera ematen dizu gainera.

 

ANA MERINO

"Ipuina da narrazio bat aztertzeko generorik egokiena. Udarregi ikastolan ere kontuan hartu beharko luketeela iruditzen zait. Nobelen ordez, ipuinak irakurtaraztea. 5, 10 edo 15 orrikoak. Gelan hasi eta buka dezakezu ipuinaren irakurketa; eta ikasleekin batera aztertzeko aukera ematen dizu gainera”

 

Modu horretan, ordubeteko eskolan, narrazio baten gako guztiak azter ditzakezu.

Nik Kutxako tailerretan horrela egiten nuen. Aztertutako ipuinean ikusitako teknikari segika, mikronarrazio bat idaztea eskatzen nien ondoren. Hori da gutxi asko idazketa tailerretan baliatzen dudan dinamika.

Donostiako Literaktum jaialdian ere eskaini izan ditut tailerrak.

 

Blog batean idazten duzu (serescritor.com) eta podcast bat ere baduzu spreaker.com web orrialdean, ezta?

Nire ikasle batek jarri zuen bloga martxan duela 10 bat urte. Hasieran berak bakarrik elikatzen zuen bloga eta ondoren niri eta nire lankide bati bertan idazteko proposamena luzatu zigun. 10 urte egin ditut bertan idazten. Hausnarketak edota liburu iruzkinak partekatzen ditugu bertan.

 

Liburu gomendioak

Ana Merino ipuinaren zale amorratua da. “Azkenaldian, ipuin-liburuak irakurtzen ditut batez ere”. Idazle euskaldunen artean, Eider Rodriguez eta Iban Zaldua dira gehien estimatzen dituen narratzaileak.

Elkarrizketaren aitzakian, Ana Merinori hainbat gomendio eskatu dizkiogu. Irakurleentzat interesgarriak izan daitezkeen liburuak. Hauek ekarri ditu besapean:

Como si existiera el perdón (Mariana Travacio). “Argentinako literatura oso garai onean da. Mariana Travaciorekin batera Samanta Schweblin idazlea ere kontuan hartzekoa da”. Como si existiera el perdón nobela “laburra da, irakurterraza eta oso literarioa. Asko du ahozkotasunetik. Istorioa iluna da, Pedro Páramo eta Juan Rulforen estilokoa”.

Javier Maríasen Los enamoramientos, Dino Buzzati idazle italiarraren El desierto de los tártaros eta Sara Mesaren Cara de pan dira elkarrizketara ekarri dituen beste liburu aipagarriak.