Atxegan banatuko dituzte berriz Argia Sariak

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 25a, 08:10
Argazkia: Argia.

Ostiral arratsaldean euskarazko komunikazioaren alorreko pertsona edota proiektuak nabarmenduko dituzten sei sari banatuko ditu Argiak, pandemia aurretik egin ohi zuten moduan, Atxega Jauregian.

Aurreko bi edizioak ezohiko moduan, osasun krisialdiagatik biltzeko modurik izan gabe antolatu behar izan zituzten. Aurtengoan, aldiz, betiko formatua berreskuratu dute. Argia Sariak Atxegan banatuko dituzte berriz, ostiral honetan bertan, urtarrilaren 27an, arratsaldeko 16:00etan hasita. Ekitaldia argia.eus atarian jarraitu ahalko da. Aurretik, "bazkari eder batean elkartuko dira euskal kultura eta jendarteko ehundik gora lagun", iragarri dute antolatzaileek. Ohi bezala, euskarazko komunikazioaren alorreko sei sari banatuko dituzte; ikus-entzunezkoa, prentsa, entzunezkoa, Internet, komunikazio kanpaina eta merezimenduzko saria. "Ez dute dirusaririk saridunek, baina ARGIAren aitortzarekin batera, Antton Mendizabal eskultoreak egindako garaikurra emango zaie. 1991tik banatzen dira bere lanak". 

Udazkenean Argiak sarituak izateko hautagaiak proposatzeko deia egin zien herritarrei. "Hautagai guztien azterketa egin ondoren, ARGIAko lan taldeak erabakiko ditu irabazleak". 

Usurbilgo Argiaren Lagunak NOAUA!ra ondoko gutun hau igorri berritan egingo dute Argia Sarien banaketa:

Jaurlaritzak Argiari zentimorik ere ez, zergatik?
2022 urte bukaeran Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 6 milioi euro banatu ditu EAEko hedabideen artean, Covid19ak prentsari eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko. Informazio orokorreko hedabide nagusi guztiek jaso dute laguntza. Batek izan ezik: ARGIAk.

Zergatik? Batetik, Jaurlaritzak ezarritako baldintza bat zen “eguneroko informazioa ematen duten komunikabideak” izatea; baina kontua da hori praktikan jartzerakoan, irratiak, telebistak, egunkariak eta hedabide digitalak saritu dituztela... eta astekaria izan dela kanpoan utzi duten formatu bakarra. Horra Argia astekaria kanpo uzteko argudioa. Beste aldetik, Argiaren Interneteko lana bai sartzen zen Jaurlaritzaren “eguneroko informazioa ematen dutenen” baldintza horretan, baina praktikan CIES soziologia enpresak 2021ean bilduta datuak hartzen ziren kontutan eta urte horretako datuak ez zeuzkan Argiak (2022koak badauzka) CIESen datuak edukitzeko hari pagatu egin behar zaiolako. Beraz, horra berriro ere Argia diru banaketatik kanpo. Aurreko urtean ere Argia Covid19agatiko laguntzetatik kanpo utzi zuen Jaurlaritzak, orduan beste argudio bitxi bat erabilita: dirua emango ziela “egiturazko gastu gehien dituzten euskarriei”.

Jaurlaritzak dio “herritarrek informaziorako eta kazetaritza-eskaintza plurala, askotarikoa eta independentea izateko duten eskubidea” daukatela eta horregatik dirulaguntzokin bermatu nahi omen duela “eguneroko informazioa ematen duten komunikabideen jarduera”. Nabarmena da, ordea, helburu hori ez duela lortu, kanpo utzi duelako Argia bezalako komunikabide nazional bat EAEn bertan (Nafarroa eta Ipar Euskal Herria kontuan hartu gabe) paperezko astekariarekin bakarrik 52.000 irakurle dituena.

Instituzioek erabakitzen dute diru publikoz zein medio indartu, zeini lagundu bizirauten, zein baztertu... Gaur egungo panorama mediatikoan dauden botere harremanak ez dira ezerezetik sortuak, urteetan landutako soroa da. Kurioski, Jaurlaritzaren deialdiak aldarrikatzen duen “kazetaritza-eskaintza plural” horren kontra doa batzuei eta besteei ematen dieten tratu desorekatua.

Deia hemendik kazetaritza euskalduna eta independentea hauspotu nahi duten guztiei: gaur inoiz baino gehiago, babestu Argia, babestu informazio independentea. Egin zaitez Argiakide!

Usurbilgo Argiaren Lagunak