Usurbil 1936

1936ko gerrak Usurbilen utzitako arrasto latza, sarean aurrerantzean

Herri honetako oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak otsailaren 3an jendaurrean aurkeztuko du usurbil1936.eus atari berria.

Hainbat lekukotza eta dokumentazio biltzen aritu dira azken urteotan. Zenbait oroimen leku ere finkatu dituzte; azkena Irubiden, aurretik Udarregi ikastolan edota Aginagako hilerrian. Bildua duten eduki osoa sarean izango dugu ikusgai aurrerantzean. Hala iragarri du Usurbil 1936 elkarteak. "Web berezia lantzen aritu gara urtebete luzez", azaldu diote oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den herri eragileak NOAUA!ri. "Erabat amaitua ez badago ere, ze datu eta dokumentu guztiak ez daude oraindik bertan uztartuta, jada aurkezteko moduan dagoelakoan gaude". 

Jendaurrean aurkeztuko dute atari berria, datorren otsailaren 3an, arratsaldeko 18:30etan hasita Sutegiko auditorioan. "G
erra krudel hark utzi zituen ondorio latzekin zuzenean zer ikusia izan zutenen senide eta lagunez gain, herritar guztiak gonbidatzen ditugu" hitzordura, Usurbil 1936 elkartetik gogorarazi dutenez, "hainbeste urteetan ezkutuan egon den Usurbilgo historiaren kapitulu ilun hau denon interesekoa dela uste baitugu".

Atari berri honetan, "
Usurbilen 1936ko gerrari buruz egiten ari garen ikerketan zehar aurkitu ditugun pertsonen erreferentziak, dokumentuak, testigantzak eta datu ugari jaso ditugu. Halaber, testuinguru historikoari buruz edota Andatzako lubakiez egin diren azterketa-lanen txostenak, fusilatuei eta errepresaliatuei egindako aitortza ekimen publikoen argazki eta bideoak eta beste zenbait atalek osatzen dute usurbil1936.eus web gunea".