Koronabirusa

Musukoa erabili beharrik ez garraio zerbitzuetan, otsailaren 8tik aurrera

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 26a, 13:27

Espainiako Gobernuak jakinarazi berri du, otsailaren 8tik aurrera musukoa ez dugula jantzi beharrik izango garraio zerbitzuetan.

Musukoa erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango garraio publikoetan, otsailaren 8tik aurrera. Azken aldiko zurrumurrua egia dela baieztatu berri du Espainiako Gobernuko osasun ministro Carolina Dariasek. Egun horretatik aurrera beraz, autobus edota tren barruan ez dugu musukoa jantzi beharrik izango. Azken aldian, barrualdean baino ez zen ezinbestekoa. Hala izan da, azken hiru urteotan. Kanpoan, geltokietan ez zegoen erabili beharrik. Otsailaren 8tik aurrera garraio zerbitzuetara sartzean ez da derrigorrezkoa izango. Bezperan, hilaren 7an onartuko du neurri hau Ministroen Kontseiluak Madrilen, eta biharamunean, aipatu moduan otsailaren 8an jarriko dute indarrean.

Egun horretatik aurrera horrenbestez, osasun zentroetan edo gune soziosanitarioetan baino ez da jantzi beharko musukoa; adinekoen egoitza, anbulatorio, ospitale, denetariko klinika edota farmazietan. 

Gogoan izan, koronabiruraren intzidentzia handiari aurre egiteko onartu zuten erabakietako bat izan zen 2020an. Hiru urteren ostean etengo dute neurri hau. Usurbilen hain zuzen, covid19ak intzidentziarik ez duela jakin berritan heldu da Madriletik albiste hau.