Kiroldegirako materialaren erosketan hitza hartzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 26a, 09:40

Oiardo Kiroldegiko giharketa gelarako makina berriak erostera doa Usurbilgo Udala. Horretara bideratuko duen 8.000 euroko partida nola xahutu erabakitzeko aukera izango dute egunotan herritarrek.

Usurbilgo Udalak urte amaieran hasieraz onarturiko udal aurrekontuen baitan, 8.000 euroko partida bideratuko du Oiardo Kiroldegiko giharketa gelarako material berria erostera. Erosketa hau ordea herritarrok erabaki ahalko dugu. Otsailaren 3ra arte, diru hori nola xahutu hitza hartzeko aukera eskaintzen ari da Udala, bide ezberdinetatik. Horretarako, Kiroldegian bertan formulario bat betetzeko aukera izango da otsailaren 3ra arte, edo online ere osatu ahalko dute; erabiltzaileek jasoko duten emailearen bidez baita. Formulario hauetan oinarrituta erabakiko du Udalak kirol materialean egin beharreko inbertsioa. "2023ko aurrekontuetan 8.000 euro bideratuko ditugu gimnasioko makina berriak erostera. Hori dela eta, zure iritzia jaso nahi dugu. 8.000 eurorekin zer erosiko zenuen giharketa gelarako? ". Herrikideek izango dute azken hitza.

Iaz kirol instalakuntzetan eginiko hobekuntzei segida emango die modu horretan. 2022an, besteak beste, honako inbertsio hauek bideratu ditu Udalak: saunan dutxa hotza, gimnasioan material berria, erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko sarrera-irteera tornu berriak eta segurtasun kamera, harrerako komun egokitua, Haraneko etxea berriz erabilgarri jartzea, boleiboleko taldearentzako pista egokitu eta instalakuntza jartzea, soinketa erritmikakoen lona gordetzeko espazioa, Haraneko gas deposituaren aldaketa...”.

LH 5 eta 6 mailetako multikirolari buruzko hausnarketa
Diru partida honen kudeaketan herrikideek zeresana izango zutela iragarri zuen Usurbilgo Udalak aste hasieran Oiardo Kiroldegian eginiko agerraldian. Hitzordu berean, Eskola Kirolaren baitan LH 5 eta 6 mailetako multikiroleko ibilbideari buruzko hausnarketa prozesuari ekitera zihoazela iragarri zuten.

Saioak Potxoenean
Otsailak 1, asteazkena
18:30
Hitzaldi-solasaldia:
-“Kirol hastapena: espezializazioa vs kirol-aniztasuna” Hizlaria: Javier Yanci Irigoyen, EHUko ikerlaria.
-“Gipuzkoako Eskola Kiroleko eredua”. Hizlaria: Unai Asurmendi, Gipuzkoako Aldundiko Kirol Planifikazio teknikaria.
-“Aniztasuna Eskola Kirolean: zer dago jokoan?”. Hizlaria: Uxue Fernandez Lasa, EHUko ikerlaria.
-“Usurbilgo Eskola Kirolaren erronka EkitAktiboak”. Hizlaria: Juan Aldaz Arregui, EHUko ikerlaria.
Izen-ematea aurrez usurbilkultura.eus plataforman.

Otsailak 22, asteazkena
18:30
Usurbilgo errealitatea, indarguneak eta ahulguneak.

Martxoak 15, asteazkena
18:30
Proposamen zehatzen lanketa.