Usurbilgo jaiak prestatzen hasteko garaia

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 26a, 09:21

Jai Batzordearen lehen bilera, otsailaren 2an.

Aldez aurretik bost hilabete ditugu oraindik, baina konturatzerako festa giro betean murgilduko da herri hau. Usurbilgo jaiak antolatzen hasteko unea heldu da. Jai Batzordeak otsailaren 2rako finkatu du lehen bilera, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean. Ohi bezala, Santixabelen antolakuntza lanetan parte hartu nahi duen herritar nahiz eragile orori zuzendua dago hitzordua. Urtero gogorarazten duten moduan, herriko festei lotutako erabakiak hartzen diren bilgunea da Jai Batzordea. Bertan proposatzen dituzte ekintzak, egitaraua diseinatu ere bai eta ospakizun egunetarako beharrezko baliabideak zehazten dituzte. Bilgune beretik proposatu izan dute txupinazorako hautagaia edota egitaraua diseinatzeko lehiaketa.

Lehen bileretan hartu ohi duten erabakietako bat, festa egunak noiz izango diren zehaztea izaten da. Alde horretatik, berezitasun bat behintzat izango dute aurtengo jaiek. Uztailaren 2a, Santixabel Eguna, igandean egokituko da. Urtero udalerri mailako jai eguna izaten den hau, astelehenera, hilaren 3ra atzeratzea erabaki zuen Usurbilgo Udalak maiatzaren 26ko udalbatzarrean.