"Sagardoa" abestia berreskuratuko duen kantu-jira larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 27a, 09:04

Garai batean herrian abesten zen kantua berreskuratuko dute larunbatean egingo den biran.

Usurbilgo Euskal Kantu Taldea plazara itzuliko da hilero moduan abenduko etenaldiaren ostean, urtarrileko azken larunbat honekin batera. Hilaren 28an eguerdiko 12:00etan abiatuko dute deitu duten kantu-jira, ohi bezala, Mikel Laboa plazatik. Biharkoak ordea, atzera begira jarriko gaitu. Herri honi sakonki lotutako "Sagardoa" izeneko abestia berreskuratuko dutela iragarri dute Kantu Taldetik. Abestiaren hitzak Andoni Arzallus Aristirenak dira. "Hau abestu zuenean, Usurbilen, ondoan zituen Anttonio Pello, Mateo, Mikel Ezkerra, Joxe... ", azaldu dute Kantu Taldetik. Haiek guztiak, "gure aurreko kantu-koadrila" hartako kideak zirela oroitarazi digute. Kantuan aritzen ziren, taberna giroan.

"Sagardoa" abestia berreskuratuko dute beraz, biharko kantu-jiran. Berreskuratu eta abestu egingo dute noski. Hemen duzue Kantu Taldetik helarazi diguten abesti honen letra. Adi, Kantu Taldetik iragarri dutenez, abesti gehiago berreskuratu asmo dituzte hurrengo hilabeteotan.

"Sagardua"
Hitzak: Andoni Arzallus Aristi.
Doinua: Susana Aurkia.

Sagardua sagardua lasto kolorekua
Sagardua sagardua garratz aundikua

1
Zugaitzak sagastietan
udaberriak loretan
andik aurrera pipitan
txoriak bere kabitan
sagarrak osto tartean
gozaturik eguzkitan

2
Udaran zizarrak bildu
santakutzak inguratu
saski ta kizkiak landu
tolaretan bai zanpatu
kupelak ere osatu
lasai lasai irakindu

3
Urte zarretan probatu
geroxiago zipoztu
janari goxoak nastu
zipotzak naiko astindu
gure barrena berotu
atia ezin billatu

4
Urtean zear denakin
bakallo piperrarekin
legatz buru ta isatsakin
bixigu begi gorrikin
gazta intxor gaztañakin
busti maiz sagarduakin