Igandeko Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako dortsalen banaketa bezperan

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 27a, 07:02

Antolakuntzak larunbat arratsaldean Sutegira joateko deia egin die parte hartzaileei.

Bi egun baino ez, Usurbil mendiko bizikleta gaineko zaleen topalekuan bilakatzeko. Iganderako antolatua dute Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba. Hamaikagarren ediziorako izen-ematea itxita dago. 500 lagunentzako lekua zegoen hitzordu honetan. Plaza guztiak bete ostean, iragan astetik itxarote-zerrenda osatzen hasiak ziren antolatzaileak. Parte hartu ahalko duten guztiei, igandean jende pilaketa saiheste aldera, dortsalak larunbat arratsaldean Sutegin jasotzeko deia egin dute, 16:00-19:00 artean. "Derrigorrezkoa da dortsala jasotzea (Sutegin) eta kaskoa janztea. Dortsalarekin batera, txalekoa egongo da". Bestela, igande goizean, 8:45ak arte ere dortsala eskuratzeko aukera izango dute izena emanda dutenek.

Kontuan hartu beharreko ohar sorta kaleratu dute etziko probara begira. Igande goizeko 9:00etan abiatuko dira mendi bizikleta gaineko parte hartzaileak mendira bidean. Ordu laurden lehenago, 8:45ean abiatzeko prest egotea eskatu dute antolatzaileek. Partaideek hiru ibilbide izango dituzte aukeran:
-Motza: 22km + 600 m.
-Ertaina: 27km + 935 m.
-Luzea: 35km + 1150 m.

Finkatu den bidetik ez irteteko deia egin du. "Gipuzkoako Diputazioak basoen eta naturaren kontserbazioa lortzeko kudeatzen dituen bideak eta ingurune babestuak erabiltzen ditugu IRISASI BTT trabesia antolatzeko. Beraz, errespetatu beti antolakuntzak ezarritako eta balizatutako ibilbidea, bertatik atera gabe". Ibilbidean zehar, laguntzaileak egongo dira. Halere, istripu edo larrialdi egoeraren bat biziz gero, 943 46 46 22 DYAren telefono zenbakira deitu beharko da. 

Proba amaieran, bizikletak garbitzeko mangeak jarriko dituzte Kiroldegi ondoan, dutxak izango dira Oiardon.

Zenbait kale itxita
Ohi bezala, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba martxan egon artean, zenbait kale itxi egingo dituzte ibilgailuen joan etorrientzat; tartean, Oxtapeko sarrera eta handik Eliza parerainoko Kale Nagusiko zatia, goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00ak arte. Aginaga alderako autobus zerbitzuaren geltokia tarte horrekin, San Inazioko biribilgunera lekuz aldatuko dute. Eremu hau baliatu beharko da herrira sartu edo udalerritik ateratzeko.

Horrez gain, Santuenean Zubieta alderako bidea itxita egongo da. Adi beraz, gune guztiotan eta probako parte hartzaileak zeharkatuko dituzte gainerako kaleei. 9:00etan abiatuko dira frontoi atzetik. Bordatxo paretik Zubiaurrenea kaletik Bizkarrera eta handik Santueneara joko dute. Txokoaldera gero eta handik gora mendirantz segiko dute. Inguru hauetan guztietan ahal dela, ibilgailua ez hartzea aholkatu du Udaltzaingoak.