Bi herrikide, Argiaren sarituen artean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 27a, 17:09

Atxega jauregian banatu dituzte 2023ko Argia Sariak.

Jatorrizko gunera itzuli dira. Osasun krisialdiak baldintzaturiko bi urteko etenaldiaren ostean, Atxega Jauregian banatu dituzte ostiral bazkaloste honetan 2023ko Argia Sariak. Azken urtean euskarazko komunikazioan nabarmendu diren proiektu edo pertsonak omendu eta saritu ditu. Segidan duzue zerrenda, eta tartean bi herrikide. Entzunezko Argia Saria Iñurri elkartearen (Min)bizi podkast-ak jaso du. Egitasmo honen sustatzaileen artean da Miren Cuerdo herrikidea. "Feminismotik eta elkartasunetik, deserosoak diren tabuei naturaltasunez heltzen dietelako eman diegu saria, besteak beste", adierazi du Argiak. Interneteko Argia Saria euskal Mastodon komunitateari eman diote; publizitaterik gabeko eta software libreko deszentralizatutako sare sozial honi emandako saria sustatzaileek jaso dute, besteren artean, Asier Iturralde herrikideak.

Pablo Gonzalez gogoan
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria breteta eta baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde borrokatzen diharduen Azterketak Euskaraz taldeari eman diote. Merezimenduzko Argia Saria, aldiz, Oihana Goirienak jaso du, ia urtebetez Poloniako espetxe batean daraman bere senar Pablo Gonzalez kazetariaren kartzelaratze injustua eta kazetaritza askea defendatzeko egiten ari den lanarengatik.  

Prentsari lotutako Argia Saria Unai Iturriaga Zugaza-Artazak Gara egunkarian argitaratzen dituen iritzi tirentzat izan da, "aktualitateko gaiei eta auziei umorez eta zorrotz heltzen dielako". Ikus-entzunezko Argia Saria "Karpeta Urdinak" Ander Iriartek zuzenduriko torturari buruzko dokumentalak, "Kriminologiaren Euskal Institutuak frogatuta utzi duen torturatuen errealitate gordina argitara eta pantailetara kalitate handiz ekartzeagatik".


2023ko Argia Sariak
-Entzunezko Argia Saria: Iñurri elkartearen (Min)bizi podkasta.
-Interneteko Argia Saria: euskal Mastodon komunitatea.
-Kanpainaren Argia Saria: Azterketak Euskaraz kolektiboa.
-Merezimenduko Argia Saria: Oihana Goiriena.
-Prentsako Argia Saria: Zugazart, Unai Iturriagaren Gara egunkariko iritzi tirak.
-Ikus-entzunezko Argia Saria: "Karpeta Urdinak" dokumentala.