Irudi aldaketa plazaratu du gaurkoan Sarek hilero moduan, ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean. "Etxera" aldarri eta irudi berria eman zuen ezagutzera aipatu mugimenduak milaka lagun batu zituen urtarrilaren 7ko Bilboko manifestazioaren bezperatan. Azken ostiral honetan Usurbilgo mobilizazioan aurkeztu du. "Gaur eskuetan dugun ikur berria bazter orotara hel dadin nahi dugu, denok barnera dezagula aro berri honetarako banderola delako, denok batera lanean aritzeko etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emanik", adierazi dute Usurbilgo Sareren ordezkariek elkarretaratzearen amaieran. Albiste honi atxikia duzuen argazkietako batean ikus ditzakezuen irudi berridun banderolak, etxeko leiho eta balkoietan zintzilikatzeko direnak saltzen hasiak dira jada. Bi gezi ageri dira oihal hauetan. "#Etxerabideagertu geziek markatzen duten bidea da, ibilbide juridikoa egiten aspaldi hasi ziren euskal presoen eskubideen bidea, legezkotasun arrunta aplikatu arte".
Salbuespen legedia eten arte alegia. "Ez dira onurak", Sareren esanetan. "Ez gara zigorgabetasunaz ari. Presoen eskubideak defendatzen ditugu. Lautik ia hiruk bete dute hirugarren gradura proposatzeko legediak eskatzen duen espetxealdia. 17 presoek gaixotasun larri edo sendaezinak pairatzen dituzte. 70 presoek 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, horietako batzuk 30 urte baino gehiago".
"Indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera"
Ikur berria beraz, lau haizeetara zabaltzeko deia egin du Sarek, hilabete hasierako Bilboko mobilizazio jendetsuari emandako "bultzada aprobetxatuz" deitu duten elkarretaratzean. "Kalean milaka lagunek manifestatzeko deiari emandako erantzuna izan zen Bilbokoa eta horrek argi erakusten du preso, erbesteratu eta deportatuen etxerako bidea zeharkatzeko unea iritsi dela eta herri mobilizazioa, berriro ere, ezinbestekoa izango dela", gogorarazi du Sarek.
Zorion eta esker hitzak helarazi dizkie hain zuzen Bizkaiko hiriburura manifestatzera joandakoei, "arrakastatsua suertatu zelako. Manifestazioak babesa eman dio urte luzez aldarrikatzen ari garenari, alegia, salbuespenen neurrien amaiera; eta indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera, biktima guztientzat".
Aurrera begira ere ildo beretik jarraitzeko deia egin du Sarek. "Azken urteotan bezala Euskal Herritik lanean jarraitu behar dugu aro honetan ere, etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin. Eta aro berri honetan ez dugu maparik behar. Geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, Etxera Bidea Gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da".
Otsailera begira, Sareren bi deialdi:
Otsailak 4, larunbata
12:30 "Urrunketarik ez Gregorio etxera" aldarripean Manifestazioa Orioko plazatik.
Otsailak 24, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Sare.