Kantu eskea Santa Ageda bezperan

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 28a, 14:55

Otsailaren 4an Santa Ageda bezperako eskea antolatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Herritar oro gonbidatu dute parte hartzera.

Negu giro beteko larunbata gaur Usurbilen. Giro busti eta hotza ordea, Kantu Taldeak goxatu du eguerdi partean. Mikel Laboa plazan abiatu duten birak, ohi bezala, herri erdigunea zeharkatu du. Jaione Eskuderok gidaturiko hitzorduan, euskal kantutegiari errepaso bikaina eman diote, ahots ederrekin gainera.

Gogoan izan, hamalaugarren ikastaroa abiatu berria du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Astelehenero biltzen dira, arratsaldeko 18:00etan, Udarregi Ikastolaren Agerialde eraikineko musika gelan. Gaurko hitzorduaren ostean hurrengora begira jada bilgune honetako kideak. Ohi bezala, otsaileko azken larunbaterako antolatu dute hurrengo kantu-jira. Aurretik ordea, bira berezi bat berreskuratuko dute; astebete barru, Santa Ageda bezperako eskea, "egunak eskatzen dituen jantzi, makila eta farolarekin".

Ekitaldia herritar ororentzat irekia egongo da. "Ongietorriak izango dira bertso berriak, egun honetarako jarriak", iragarri dute Usurbilgo Euskal Kantu Taldetik.

KANTU TALDAEREN DATOZEN DEIALDIAK
Otsailak 4, larunbata
18:00 Santa Ageda bezperako eskearen kantu jira Mikel Laboa plazatik, "egunak eskatzen dituen jantzi, makila eta farolarekin".

Otsailak 25, larunbata
12:00 Kantu jira Mikel Laboa plazatik. Ez ahaztu kantu liburuxka.

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.