Probaren izenari gorazarre eginez abiatu dira Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimeneko partaideak

Mendi bueltaz gozatzeko gogotsu bildu dira 500 txirrindulari Usurbilen.

Negu giro beteko igande goiza, ezin aproposagoa Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako. Ekimenaren izenari gorazarre eginez abiatu dira hamaikagarren edizioan izena emanda zeuden parte hartzaileak. Gogoan izan, 500 lagunentzako lekua zegoen txirrinda gaineko mendi bueltarako eta plaza guztiak beteak zeuden, itxarote-zerrenda zabaldu behar izan zuen antolakuntzak.

Goizeko 9:00etarako Mikel Laboa plazako irteera eremuan ziren denak; topaketa honen lekuko, ondoko irudiak. Laster dira bueltan, ibilbideotako bat osatu ostean:
-Motza: 22km + 600 m.
-Ertaina: 27km + 935 m.
-Luzea: 35km + 1150 m.

Proba amaitu arte, partaideek zeharkatuko dituzten bideak itxita egongo dira; Oxtapeko sarreratik hasi eta Eliza parera arteko Kale Nagusiko eremua, baita Santuenetik Zubietara joateko bidea ere. Aginagarantz doazen Lurraldebus autobus zerbitzuen geltokia San Inazion kokatua egongo da. Ibilgailuekin herrira sartu nahiz irteteko gunea izango da horixe bera, arratsaldeko 14:00ak arte.