Peru Galbetek Joxan Artzeri buruzko sortze lana aurkeztuko du "Punto de Vista" jaialdian

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 29a, 10:54

Martxoa amaieran Iruñean egingo duten zinema dokumentaleko jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko da usurbildarra, beste 17 sortze lanekin batera.

Usurbilgo bi sortzaile batuko ditu martxoaren 27tik apirilaren 1era NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin Iruñean antolatu duen "Punto de Vista", Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian. Peru Galbetek hamazazpigarren edizio honetako Sail Ofizialean aurkeztuko du "Bide bazterrean hi eta ni kantari" Joxan Artzeri buruz egindako lana. Beste 17 sortze lanekin batera lehiatuko da. Adi datu honi; 60 herrialdeetako ia 800 film aurkeztu dira hitzordu honetara. 18 hautatu ditu zeregin honetan aritu den programazio batzordeak eta aukeratuen artean, Usurbilgo sortzaile gazteak duela bost urte zendutako poetari eskainitako ikus-entzunezkoa dago.

Sail Ofizialean lehiatuko diren sortze lanen artean sariok banatuko dituztela iragarri dute antolatzaileek. "Film onenaren Punto de Vista sari nagusia –10.000 euro–, Zuzendari onenaren Jean Vigo saria 5.000 euro–, Film labur onenaren saria –3.000 euro, EITBren babesarekin–, Publikoaren sari berezia Film onenari –1.650 euro– edo Gazteen saria Film onenari, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin –1.500 euro–. Eta, gainera, Nazioarteko Epaimahaiak bi aipamen berezi ere ematen ahal ditu, diru saririk gabe".

Informazio gehiagorako: puntodevistafestival.com