Otsailaren lehen asteetan zabalduko da Txirikordako izen-ematea

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 29a, 12:17

Txirikorda proiektuaren xehetasunak Udal Ordenantzan sartu berritan, bilera egin dute Udalak eta interesadunek ordenantzan bildutako informazioa azaldu eta datozen urratsak eta gutxi gorabeherako datak ezagutzera emateko. Otsailaren hasiera edo erdialderako izen-ematea irekitzea aurreikusi du Udalak eta 20 egun naturaleko epea egongo da horretarako.

Txirikordari buruzko aurreko bileretan azaldutakotik aldaketa txiki batzuk badaude. Herrian dauden bi arazo nagusiri aurre egin nahi dion proiektua da Txirikorda. Alde batetik, gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei aurre egin, eta bestetik, adinekoek bakardadea edo etxebizitzen irigarritasun falta. Etxebizitza komunitarioak aukera emango die herritarrei alokairuan bizi eta belaunaldien arteko hartuemana bultzatzeko, bai eta belaunaldi bereko pertsonen harremanak indartzeko ere. 

 

Eraikina Ugartondon eraikitzen ari dira eta 16 etxebizitza ditu, logela bakarreko 10 eta bi logelako 6. Egongela, sukaldea, komuna, logela bat edo bi eta terraza ditu etxebizitza bakoitzak. Espazio komun handiak eskainiko ditu: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigauluak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela. Bakoitzak bere etxebizitza pribatua izango du, eta gainontzeko espazio komunak gainerako bizilagunekin partekatuko ditu. Komunitateak berak erabakiko ditu garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak.

 

Gazteek gehienez 5 urte egingo dituzte Txirikordan, eta helduek berriz, 5 urteko kontratua izango dute, baina luzatzeko aukerarekin. Alokairuaren prezioan egin dute lehen aldaketa. Gazteen kasuan, diru-sarrera guztien %15 aurreikusi zuten lehen alokairura bideratuko zutela, baina ordenantza berrian baremazio sistema ezarri dute. Urtean 3.000 eurotik gorako eta gehienez 9.000 euroko diru sarrerak dituzten bizikidetza unitateak: 120 euro ordaindu beharko ditu; gehienez 15.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza unitateak: 180 euro; 15.000 eurotik gorako eta gehienez 21.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza unitateek: 240 euro; 21.000 eurotik gorako eta gehienez 25.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza unitateek: 300 euro; 25.000 eurotik gorako eta gehienez 35.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateek: 360 euro; eta 35.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateek: 420 euro. Helduen kasuan, berriz, diru-sarreren kantitateak puntuen arabera zehaztuko dira. Helduek kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, konpromisoa hartu beharko dute etxebizitza hutsik ez uzteko eta hala espekulazioari aurre egingo zaio.

 

Etxebizitzako maizterrak aukeratzeko, izen ematea egin beharko da beharren arabera logelen kopurua adieraziz. Pare bat astean izen-ematea irekitzea aurreikusi dute eta 20 egun naturalez egongo irekita. Ondoren, maizterrak aukeratzeko bi bide zabalduko dira. Gazteak zozketa bidez aukeratuko dituzte, eta helduen kasuan, gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. Bi kolektiboetako eskatzaileen proportzioa eta adierazitako logela beharrak kontuan hartuko dituzte esleipena egiterakoan, kolektibo bakoitzari 8 etxebizitza eskainiz. Kolektiboren batean ordezkaritzarik ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko dituzte. Itxaron zerrenda bat ere osatuko dute etorkizuneko bajak kubritzeko. Zozketa udaberrian egingo dute eta behin maizterren behin-behineko zerrenda aterata alegazioak aurkezteko aukera egongo da. Uda eta udazken hasieran Txirikordaren barne araudia zehaztu beharko dute lehen biztanleek eta formakuntza-saioak egingo dituzte horretarako. Ezinbestekoa izango da saio horietan partehartzea etxera sartu ahal izateko. Dena ondobidean, urrirako formakuntza amaitu eta bizitzen jarriko dira biztanle berriak.

 

Errenta ordaintzeaz gain, ezinbesteko baldintza izango da bizilagunentzat astean ordu batzuk eskaintzea komunitateari. Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du Txirikordak, eta beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu.