LH-ko Multikirolaz hausnarketa prozesua, asteazkenetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 30a, 10:01

Eskola Kirolaren baitan LH 5 eta 6 mailetako multikiroleko ibilbideari buruzko hausnarketa prozesuari ekingo diote otsailaren lehenean.

Hainbat eragile (Usurbilgo Udala, NOAUA! K.E., Udarregi ikastola, eskola kiroleko nahiz Zirimarako koordinatzaileak, talde sustatzaileko kideak, guraso elkarteetako kideak...) biltzen dituen mahai teknikoan jasotako kezkaren harira erabaki dute bilgune horretan bideratu duten hausnarketa herriarekin partekatzea.

Mahai tekniko horretan egiten dute besteak beste, azken urteotan martxan jarri eta sendotzen joan den Zirimara proiektuaren jarraipen eta eraldaketa lana. “Gaur egun, Usurbilen LH 5 eta 6 mailetako multikirolen ibilbidean urte erdiz futbolean eta beste urte erdiz eskubaloian aritzen dira, eta jarduera hau generoka banatuta antolatzen dugu. Galdera ezberdinak sortu dira; alde batetik, generoka bantutako jarduera sustatu behar ote dugun edo ez, zer ote den egokiagoa. Edo bestalde, multikirolaren ibilbideko jarduera bi modalitate horietara murriztu behar den edo kirol aniztasun zabalago baten baitan antolatu behar dugun gure eredua”.

Otsailaren 1ean hasiko den prozesuaren baitan, lehen saioan gai honi buruzko informazioa jasotzeko aukera izango da aditu talde baten eskutik. Bigarrenean Usurbilgo errealitatearen berri emango dute; “plan estrategikoan jasotako galdetegien emaitzak eta LH 5 eta 6 mailetako ikasleei helaraziko diegun galdetegien” emaitzak aurkeztuko dituzte. Hartara, tokiko ereduaren “indargune eta ahulguneak identifikatzen saiatuko gara”. Proposamen zehatzak landu asmo dituzte hirugarren eta azken saioan.

Hitzorduok irekiak izango dira; interesa duen herritar orok parte hartu ahalko du. Noski baita, Zirimarako hezitzaile, guraso edota kirol taldeek.

Saioak Potxoenean
Otsailak 1, asteazkena
18:30
Hitzaldi-solasaldia:
-“Kirol hastapena: espezializazioa vs kirol-aniztasuna” Hizlaria: Javier Yanci Irigoyen, EHUko ikerlaria.
-“Gipuzkoako Eskola Kiroleko eredua”. Hizlaria: Unai Asurmendi, Gipuzkoako Aldundiko Kirol Planifikazio teknikaria.
-“Aniztasuna Eskola Kirolean: zer dago jokoan?”. Hizlaria: Uxue Fernandez Lasa, EHUko ikerlaria.
-“Usurbilgo Eskola Kirolaren erronka EkitAktiboak”. Hizlaria: Juan Aldaz Arregui, EHUko ikerlaria.
Izen-ematea aurrez usurbilkultura.eus plataforman.

Otsailak 22, asteazkena
18:30
Usurbilgo errealitatea, indarguneak eta ahulguneak.

Martxoak 15, asteazkena
18:30
Proposamen zehatzen lanketa.