Udalbatzarra

HAPOa beste hilabetez jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 30a, 14:38

Otsailaren 28ra arte luzatu du Usurbilgo Udalak HAPO-aren jendaurreko epealdia.

Izatez hiru hilabetez, urtarrilaren 31ra arte jendaurrean jartzea onartua zuen Usurbilgo Udalak Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO). Azkenean ordea beste hilabete batez, otsailaren 28ra arte zabalik segiko du alegazioak aurkezteko epeak. Hala onartu zuen udalbatzak aho batez urtarrilaren 26ean egin zuten osoko bilkuran.

Udal gobernu taldearen esanetan, luzapen honek ez du HAPOren tramitazioan atzerapenik eragingo, oraindik beste administrazioen hainbat txosten jasotzeke dituzte eta. Hala, alegazioak aurkezteko aukera gehiago eskaini nahi dizkiote jendarteari, eta hartara, planeamenduaren irizpideetako bat sustatuko dute, herritarren parte hartzearena.

Ekarpenak biltzeko hain zuzen, 2014az geroztik parte hartze prozesu ezberdinen bidez, herritar eta eragileekin marrazturiko Usurbilgo etorkizuna definitzen duen HAPOa urriko udalbatzarrean hasieraz onartu ostean, gizarteratzen aritu da Udala hilabeteotan Aginagan, Kaxkoan eta Zubietan antolatu dituen hitzaldi ziklo eta erakusketa ibiltariaren bidez. Gogoan izan bestalde, planeamenduaren baitan aurreikusten diren ekintzen berri ematen duen aldizkaria banatu zutela etxez etxe. Udal arkitektuarekin egoteko aurrez hitzordua eskatzeko (943 371 951) aukera ere eskaintzen ari da Udala.