Kamioi bat irauli da A-8an, itxita Irunerako noranzkoan

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 31a, 08:17
Argazkia: artxibokoa.

Zeraman zama erori zaio errepidera Aritzetara heldu aurretik. Autopista itxi egin behar izan dute Irunerako noranzkoan.

Ezbeharra jazo berri da astearte goiz honetan A8 autopistan, Usurbilgo lurretan. Kamioi bat irauli egin da, zeraman zama erori zaio errepidera. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzatik berri eman dutenez, aipatu errepidea itxita dago 28. kilometroan, Irungo noranzkoan. Donostiarantz doan GI20 errepidetik desbideratzen ari dira ibilgailuen joan etorria. Hiriburura zoazenok beraz, ohi baino ibilgailu gehiago topatuko dituzue bidean. Oriotik A8an barrena Usurbil aldera zatoztenok moteldua dagoen trafikoa aurkituko duzue bidean.

Etzabal eta Iarbe arteko bidea partzialki itxita bi astez
Bide kontuei lotutako ohar gehiago segidan. Adi Aginaga aldetik igarotzekoak zaretenoi; Etzabal eta Iarbe arteko bidea bi astez partzialki itxita egongo dela ohartarazi du Usurbilgo Udalak. Tarte horretan, udal-brigada "ur hornidura sarea berritzeko lanetan" ari da. Lanok amaitzeko 15 egun beharko dituztela aurreikusi du Udalak. "Bertako bizilagunei ahalik eta kalterik gutxien sortzen ahaleginduko dira", gaineratu du.

N-634 errepideko erréis, otsaila amaierara arte itxita
Errepide kontuekin segita, gogoan izan bestalde, otsailaren 28ra arte gutxienez, N-634 errepideko errei bat itxita egongo da Troia eta Txikierdi artean. "Tarte horretan, trenbidearen eta errepidearen arteko horma indartzeko lanei berrekingo diete. Behin-behineko semaforoak jarriko dituzte, eta trafiko handiko aldietan langileek bideratuko dute".