50 urte

Zumetaren murala kontserbatzeko lanak bideratzera doaz

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 31a, 13:15

Aldamioa jartzen ari dira astearte honetan, 50 urte bete dituen Zumetaren mural parean. Urtemugaren harira ekimen gehiago iragarri dituzte.

9 metroko altuera eta 16 metroko zabalera du eta Usurbilgo nortasun ikur nagusietakoan bilakatu da. 1973an sortu zuen frontoi atzealdeko horma-irudi erraldoia 2020ko apirilean zendu zen Jose Luis Zumeta artista usurbildarrak, Udalaren enkarguz. 50 urte beteko ditu aurten eta urtemuga ez da inondik inora oharkabean igaroko. Hasteko, begiratu albiste honi atxikitako irudiei. Aldamioz inguratua dago sortze lan ezaguna astearte goiz honetatik. "Zeramikazko mural abstraktu hau ikonikoa da Usurbilen eta Usurbildik kanpo: bere dimentsioengatik (16x9) Europan material honetan egindako obren artean dagoenik eta handienetakoa da. Zalantzarik gabe, Usurbil berezi egiten duen elementuetako bat da Zumetaren murala", Udalak nabarmendu duenez.

Mende erdiko ibilbidea eginda, kontserbazio lanak egitea erabaki dute Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak. Aipatu moduan, lan hauei ekin aurreko prestaketak abiarazi dituzte gaur. "Zeregin horretan espezializatua den Ártyco enpresak egingo du lana, eta aldamioa muntatzen hasi dira gaur bertan", berri eman du Usurbilgo Udalak. Aurreikuspenen arabera, "bi hilabete beharko dituzte lanak bukatzeko". Lan hauetarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko du Usurbilgo Udalak. 

Agerraldi publikoa
Baina ekimen gehiago ere iragarri dituzte urtemuga nabarmentzeko. Besteak beste, "erakusketak eta Hormaren Mintzoa egitasmoa". Zumetaren muralaren 50. urtemugari lotutako ekimenen berri zehatzago, datorren otsailaren 12rako deitu duten ekitaldian emango dute, eguerdiko 12:00etan, albiste honetan protagonista dugun lekuan bertan, muralaren parean noski, Mikel Laboa plazan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, "Agurtzane Solaberrieta Mesak (Usurbilgo alkateak), Mari Jose Telleriak (Gipuzkoako Kultura diputatuak), Usoa Zumetak, Jon Maia bertsolariak eta 650 Usurbil Bizi proiektuaren gidariak, Azucena Priorek (Ártycoko kidea) eta Mikel Telleria musikariak" parte hartuko dute.