Iaz baino %2,2 gehiago, 284.200 euro gehiago, urte amaieran hasieraz eta gehiengo osoz (EHBildu alde, EAJ aurka, PSE abstentzioa) onartu zituzten udal aurrekontuei esker. Jendaurrean dira hamabost lan egunez, urtarrilaren 17az geroztik. Tarte honetan erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betiko onartuko dituzte.
13,2 milioi euroko udal aurrekontuak beraz, baina udal gobernu taldetik ohartarazi dutenez halere, “urteak aurrera egin ahala ez dugu baztertzen Udalaren gerakina erabiltzeko aukera, beste inbertsio batzuk bideratu ahal izateko”. Neurri prebentibo gisa gainera, “100.000 euro gorde ditugu, aurreikusi gabeko gastu edo egitasmoei aurre egiteko. Berriz ere, aberastasunaren birbanaketa justuagoa eta zerbitzu publikoen unibertsalizazioa helburu, iaz martxan jarritako hobari sistemari eusten diogu. Era berean, bigarren urtez, gizarte laguntza propioek ere bere lekua izango dute aurrekontuetan, batez ere gure herrira iritsi berri direnei eta bazterketa egoera larrian egon daitezkeen herritarrei urgentziazko laguntza puntualak eman ahal izateko”.
Osasun krisialdian murgildu ginenetik EHBilduk finkatua duen lehentasun nagusiari eutsiko dio aurten; “kolektibo eta herritar zaurgarrienak babestea eta laguntzea. Estaldura soziala handitzeko apustua egin genuen orduan, eta bide hori jorratzen jarraitzen dugu”.
Kopuru handitzearen hiru faktoreak
Udal aurrekontuetan izan den gorakada foru funtsetik jasotako finantzazioaren eta enpresa elektrikoek ordaindu beharreko tasaren igoerak eragin du. Baita udal gobernu taldearen esanetan, ezohikoa izan den Zapategiko hirigintza aprobetxamenduari lotuta jasotako diru-sarrerak. Aipatzekoa baita, aurtengo ordenantza fiskalei KPIa %10aren bueltan zela %1,5eko igoera aplikatu izanagatik jasotakoa, “zerbitzu publikoei eutsi ahal izateko”. Gogoan izan, iazko hobarien eskaintza zabalari eutsiko diotela aurten. Hala, 1.615.023 euroko inbertsio gaitasuna izango du Udalak.
Pertsonal gastuetara bideratuko dituzte bestalde, 4.602.570 euro, udal aurrekontu osoaren %34,82, soldatetan aplikatuko duten %3,5eko igoerari, egonkortze legearen aplikazioari, edota etxez etxeko zerbitzu eraberritua kudeatzeko langilearen kontratazioari aurre egiteko.
Milioi bat euro dirulaguntzetara
Aurrekontuekin batera, 2023-25 urte arterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa ere onartu zuten urte amaierako udalbatzarrean. Aurtengora begira, 1.097.663 euro bideratuko ditu Udalak laguntza lerro ezberdinetara, “aurrekontu osoaren %8,3”. Oraingoan, “kulturgintzan herriko elkarteei bideratutako dirulaguntza lerroa 25.000 eurotan handituko dugu, pandemia aurretik zuen kopurura itzuliz. Modu berean, zahar egoitzetako dirulaguntza hitzartuek ere, 10.000 euroko igoera izango dute”. Ildo beretik, Udalak Zumarte Musika Eskolarekin, Zirimara egitasmoarekin, NOAUA! K.E.-rekin eta Hurbilagorekin dituen hitzarmenen baitako diru ekarpena gehituko du.
Udal taldeen ekarpenak
Oposizioko taldeak edota herritar eta eragileak gonbidatu zituen udal gobernu taldeak azaroan zehar auzoz auzo deitu zuen udal aurrekontuen aurkezpen errondara, informazioa partekatu eta ekarpenak biltzeko. Urte amaierako osoko bilkuran 2023ko udal aurrekontuon aurka bozkatu zuen EAJk. “Aurrekontu hauek irudikatzen duten Usurbil ez dator bat guk hainbat urteetan proposatu dugunarekin”. Aurtengoan egin dituzten hainbat ekarpen ez dituztela kontuan hartu adierazi zuen Josune Urkola bozeramaileak urte amaierako udalbatzarrean. Besteren artean, landa eremuko komunikazio digitala hobetzea, herri bideen diagnosia egitea, sakabanatutakoen izendapen sistema hobetzea... eskatu zuten. Baita Santuenean zubi berri bat egitea proposatzen dute, Etxealdia eta Kale Nagusiaren egokitzapena, kanpoko igerilekuak, frontoia edota aurreko urteetan eskatu izan dituzten padel pistak, Askatasuna plazako aparkalekuak, bizikidetza plana... “EAJrentzat usurbildarren egungo eta etorkizuneko beharrak bermatzea da aurrekontuen helburua. Udalerri iraunkorra, ingurumena zaintzen duena, soziala eta ekonomikoki egokia eraikiko duena”. Horrekin batera, aurrekontuen inguruko dokumentazio nahikoa ez zutela jaso adierazi zuten.
PSE-tik Patxi Suarezek “gure aurrekontuak izan ez arren”, abstenituko zela iragarri zuen. “Balioan jarri nahi dut aurrekontuen parte izana”, zioen eta “udal gobernuaren jarrera geure hainbat proposamen onartzeko”.
Udal gobernu taldetik, jeltzaleei aurrekontuei buruzko dokumentazio guztia eskuragarri dutela gogorarazi zioten. Ildo horretan, behar zutenaren inguruko proposamen zehatza egiteko gonbita egin zioten. Aurrekontuei buruz esandakoei dagokienean, ekarpenak partekatzeko udal gobernu taldetik eginiko aukera ez zutela baliatu. Urte amaierako osoko bilkuran bertan “egin dituzuen ekarpenek zehaztapenik ez dute” adierazi zieten eta adostuta ere urtebeteko udal aurrekontuekin ezinezkoa litzateke zuen proposamen guztiak gauzatzea”. Horregatik EHBildutik ziotenez, “zuen proposamena ez da bozkagarria”.
PSE-ko ordezkariak agerturiko jarrera eskertu zuen udal gobernu taldeak. “Hainbat gaietan ez gaude ados, baina bi urteotan aurrekontuak landu eta adostasunera heltzea lortu dugu”.
2023ko udal aurrekontuak zenbakitan
Azken hamarkadako bilakaera
2014: 10.360.521 euro.
2015: 10.482.470 euro.
2016: 10.705.129 euro.
2017: 11.057.464 euro.
2018: 11.310.981 euro.
2019: 12.055.173 euro.
2020: 12.375.710 euro.
2021: 12.882.050 euro.
2022: 12.934.000 euro.
2023: 13.218.200 euro.
Sarrerak
-Udalak finantzatzeko Foru Funtsa: 5.033.644 euro (iaz baino 332.394 euro gehiago).
-Enpresa elektrikoek herriko zutoin eta kableen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko tasak: 500.000 euro (iaz baino 215.000 euro gehiago).
-Zapategiko eremua garatzeko hirigintza aprobetxamendua: 861.198 euro.
Legealdi Planeko egitasmoak
-Zaintza ekosistema: 420.000 euro.
-650 Usurbil Bizi: 197.000 euro.
-Emakumeen Etxea+Aniztasuna: 35.000 euro.
-Memoria eta bizikidetza: 30.000 euro.
-Haur eskolako eraikinaren hausnarketa: 18.000 euro.
-Trantsizio energetikoa: 132.000 euro.
-Aktibatzen plan estrategikoko programen sustapena: 15.000 euro.
-Herri/Auzoak: 521.818 euro.
Dirulaguntzak
Guztira: 1.088.463 euro (iaz baino 64.718 euro gehiago, %6,32).
Gizarte estaldura:
-Gizarte larrialdietarako laguntza: 90.000 euro.
-Gizarte larrialdietarako laguntza propioa: 10.000 euro.
-Eskola Kirolera sarbidea errazteko: 5.000 euro.
-Alokairurako diru laguntzak: 10.000 euro.
-Hobarien sistema.
Berrikuntzak
-Kultur elkarteentzako: 90.000 euro (iaz baino 25.000 euro gehiago).
-Kultur sormenerako: 15.000 euro.
-Jubilatuen elkarteak: 25.000 euro (iaz baino 10.000 euro gehiago).
Inbertsioak
Herri jasangarria
-Usurbil 0.0: 23.000 euro.
-Efizientzia energetikoa: 42.000 euro.
-Natur intereseko lurren erosketa: 25.000 euro.
-Lur erosketa, Aginagako aparkalekurako: 22.000 euro.
-Etxealdiako urbanizazioa: 75.000 euro.
-Hobekuntzak Santuenean: 50.000 euro.
-Ur kontagailuak Santuenean: 18.000 euro.
-Haur Eskolako aldapa: 158.000 euro.
-Aginagako semaforoa: 14.000 euro.
-Elutxeko bidea: 160.000 euro.
-Zaborrontzien prototipo berria: 9.000 euro.
-Sopladoren bateria berriak: 3.255 euro.
-Argiteria berritzea (LED): 90.000 euro.
-Zumartegi: 132.000 euro.
Ongizartea
-Harane futbol zelaia berritzea: 250.000 euro.
-Lanbide Hastapeneko lokala egokitzea: 7.000 euro.
-Sukaldaritza eta ile-apaindegiko ikastaroetako ekipamendua berritzea: 5.800 euro.
-Txirikordako ekipamendua: 157.000 euro.
-Kalezar-Matia igogailua: 150.000 euro.
-Eguneko Zentroko ekipamendua: 2.000 euro.
Herri nortasuna
-Liburutegirako fondo berriak eskuratzea: 14.800 euro.
-Liburutegiko ekipo eta altzariak: 2.000 euro.
-Zubietako inbertsioak: 20.000 euro.
-Aginagako Eliza Zaharra: 20.000 euro.
-Potxoenea eta Sutegiko beharrak: 4.000 euro.
-Errioaren Eguna: 15.000 euro.
Udala herriaren zerbitzura
-Ordenagailuen erosketa: 25.000 euro.
-Oholtza berria: 50.000 euro.