Igor Gorriti, Artzabal: “Zerbait berria nahi genuen eta horrela sortu da Kulturpotea”

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 1a, 12:31

'Kulturpoteak' zikloa ostegun honetan hasiko da Artzabal jatetxean. Pintxopotearen nostalgia dutenentzat eta bakarrizketa zein musikaz gozatzeko prest daudenentzat proposamen aparta. Ostegunero, 19:00etan hasita, musikaz eta barrealdi ederrez gozatzeko aukera izango da. Iker Piris izango da zikloa abiaraziko duen musikaria.

NOAUA! Kulturpote ekimen berriarekin hasiko zarete ostegunetan. Zertan datza?

Igor Gorriti: Lehen pintxopotea geneukan pandemia iritsi arte. Pandemiak pintxopotearekin amaitu zuen eta orain berriz ere zerbaitetan hasi nahi genuen. Zerbait berria aurkitu nahi genuen lehengo pintxopotera itzuli gabe eta horrela sortu da Kulturpotea. Denbora bat baneraman gaiari bueltaka eta argi neukan kulturari heldu behar geniola. Hala ere, hilabete guztiak ez dira berdinak, eta hilabete askotan Usurbil ekitaldiz gainezka egoten da. Azaroan topera egon zen Usurbil agenda kontuetan, eta beraz, udaberri alderago egiteko zerbait behar genuela iruditu zitzaidan.

IGOR GORRITI

“Otsaila, martxoa eta apirileko ostegunetan kulturaz gozatzeko aukera eskainiko dugu Artzabalen”

Orain hasi eta udaberrira arte luzatuko da, beraz.

Ostegun honetan, bai. 12 astez gonbidatuak izango ditugu ostegunetan 19:00etatik aurrera. Aste Santuan jai egingo dugu, baina otsaila, martxoa eta apirileko beste ostegun guztietan aukera eskainiko dugu kulturaz gozatzeko.

 

Kulturaz ari gara, baina nolako ekitaldiak izango dira?

Bakarlariak izango ditugu gure artean, musikariak bakarka zein taldean. Musikariak bertsioak edo coverrak egiten dituztenak ekarriko ditugu, ez abesti propioak dituztenak. Pintxopote musikatua izango da nolabait.

 

“Pintxopotea oso ondo uztartzen da musikarekin”

Udan ere jarraipen bat emango diozue Kulturpoteari?

Ekimen berarekin jarraitzea dugu buruan, baina musikariak eta bakarrizketa proposatu beharrean, DJak jartzea da gure asmoa. Oraingoz hiru hilabeteko formatu hau egingo dugu nola funtzionatzen duen ikusteko. Guk Artzabalen kontzertuak egin izan ditugu, baina 2012-2013an izan ziren haiek. Oso egun seinalatuetan egin genituen, eta beraz, ezin dugu esperientzia harekin konparatu. Oso modu esperimentalean hasiko gara. Pintxopotea musikarekin oso ondo uztartzen dela iruditzen zaigu eta proba egingo dugu.

Kanpoko espazioa erabiliko duzue edo taberna barruan egingo dituzue Kulturpoteko ekitaldiak?

Barruan egingo ditugu saioak. Mahaiak kenduko ditugu komun ingurukoak izan ezik, eta horrela lortutako espazioa aprobetxatuko dugu. Tente egongo da jendea zerbait hartu eta saioa ikusten duen bitartean.

Udaberri alderago eta eguraldi onarekin, kanpoko portxera aterako gara. Aurreikusten ditugun taldeetako batzuek badakigu jende dezente mugiaraziko dutela, baina beste batzuek ez dakigu jende asko erakarriko duten ala ez. Beraz, lekua beharko dute.

 

Iker Piris blues gitarrajolea arituko da ostegun honetan Artzabalek antolatu duen Kulturpotean. “Udaberri aldera eta eguraldi onarekin, kanpoko portxera aterako gara”. Argazkia: ikerpiris.com

 

“Bertsioak egiten dituzten musikariak ekarriko ditugu Artzabalera”

Herritarrak gonbidatu dituzue ekimenean parte hartzera?

Ez bereziki, baina herriko talderen bat eta bakarrizketa egingo duen norbait ere izango da. Oraindik agenda erabat itxi gabe daukagu, deika ari gara. Zenbait pertsonarekin kontaktuan jarri gara, baina kontu asko zehazteke ditugu.

Herritarrengana ez dugu horrenbeste jo, talde gehienek abesti propioak kantatzen dituztelako, eta gurea ideia beste bat da. Coverrak joko dituzten talde txikiak ekarri nahi ditugu eta formatu horretan lan egiten duten talde gutxi daude herrian. Hala ere, herritarren batek ikusiko balu formatu honetan kontzerturen bat ematea gustatuko litzaiokeela kontakta dezala gurekin Artzabalera etorrita edo sare sozialen bitartez inolako arazorik gabe. Talde handiago bat itxita daukagu, baina apirilerako utzi dugu egun onarekin portxean egiteko, bestela ez dira taberna barruan sartzen.

IGOR GORRITI

“Artzabalen hiru urte eta erdi geratzen zaizkigu aurretik, eta bitarte korretan probetxua atera nahi diogu ahal bezainbeste”

Luzera begira, ekimenak funtzionatuko balu jarraituko zenukete hurrengo hilabeteetan ere?

Guri Artzabalen hiru urte eta erdi geratzen zaizkigu, eta bitarte horretan probetxua atera nahi diogu ahal bezainbeste. Kontua da, herrian hilabete batzuetan agendan ekimen asko egoten dira eta ez du zentzurik horren gainean gu ere gauza gehiago antolatzen jartzeak. Udazkenean, adibidez, ekintza asko egoten dira, beraz, gure proposamenerako ez litzateke momenturik onena izango. Hasiera batean, horixe zen gure asmoa, udazkenean martxan jartzea ekimen hau, baina agenda ikusita ez zuela zentzurik ondorioztatu genuen. Orain lasaiago daudenez kontuak momentu hobea dela iruditu zaigu.

 

Musikariei helduta, denetariko estiloez gozatzeko aukera izango da?

Bai. Batzuek jazz musikara gehiago joko dute, askok rock edo pop estiloetara gehiago. Oraindik kontzertu asko itxi gabe dauzkagu eta zaila da behar bezala aurreikustea zer-nolako kontzertuak izango diren.

 

“12-14 pintxo mota jarriko ditugu aukeran”

Pandemia aurretik herrian pintxopoteak indar handia zuen eta ziur aski jendea horrelako zerbaiten zain ere egongo da.

Bai, pintxopoteak jende asko mugitzen zuen eta guk pandemia aurretik lan asko egin genuen pintxopotean.

Oraingoan, ordea, oso formatu ikusia zela sentitzen genuen eta freskotasun gehiago zuen zerbait behar genuela. Pintxopotea bai, baina zerbait gehiago ere eskaini behar genuela iruditu zitzaigun. Gehiago jolastu nahi genuen eta herritarrei poztasun pixka bat eman.

 

Pintxoei dagokionez, aukera zabala jarriko duzue pintxopote klasikoan egin ohi zen bezala?

12-14 pintxo mota jarriko ditugu nahi duenak pintxoak jateko aukera izan dezan, zerbait hartu eta kontzertuez gozatzeko. Pintxopote musikatu bat egitea da ideia, pintxopoteak zuen hori mantenduta eta musika gehituta. 19:00etan kontzertu edo bakarrizketak hasiko dira eta ordubetez edo orduterdiz arituko dira. Bakarrizketak laburragoak izango dira printzipioz, ordubetez bakarrik hitz egitea zailago izaten delako, baina kontzertuek ordu eta erdirako ere eman dezakete. Beraz, herritar oro gonbidatuta dago gurera.