Otsailaren 20an xake topaketa Sutegin: “Fitxak mugitzen jakitea ezinbestekoa izango da”

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 2a, 07:43

Xake topaketa antolatu du Sutegi udal liburutegiak otsailaren 20rako. 17:30ean hasiko da topaketa liburutegian bertan eta 16 bat gaztetxorentzako lekua egongo da. Xakean jokatzen dakitenentzat aukera aparta izango da. Breogán Estebez liburutegiko laguntzailearekin izan da NOAUA!, ekimen honen nondik norakoak gertuagotik ezagutzeko.

NOAUA! Liburutegian ekitaldi asko antolatu dituzue azken aldian: solasaldiak, tailerrak… eta oraingoan xake topaketa proposatu duzue.

Breogán Estebez: Ni neu xakelaria naiz. Duela gutxi arte Gipuzkoa mailan aritu naiz jokatzen taldean. Hernanikoa naiz eta herriko taldearekin aritu naiz. Bakartxori adierazi nion liburutegia ez dela bakarrik ikasteko espazio bat, baizik eta bizi ere egin behar direla bestelako esperientziak hemen. Xakearen aipamena egin nion, baina topaketa modura antolatuta, ez txapelketa modura. Jendeak gozatu ahal izateko momentua izatea nahi dugu.

 

BREOGÁN ESTEBEZ

“Umeei zuzenduta dago. Hala ere, batzuek esan digute aitonarekin jokatzen dutela edota gurasoekin. Horiek ere gonbidatuta daude, jakina

 

Xakean ibiltzen diren herritarren erreferentziarik baduzu?

Erik Juez ibili zen herrian haurrei klaseak ematen. Orain, berriki, Santuenean ere xake klaseak ematen aritu dira eta harrera ona jaso du ekimen horrek. Hori ikusita, bide horri jarraitzea erabaki dugu eta topaketa hau antolatzea.

 

Herrian zaletasunik badagoela uste al duzu?

Liburutegira etortzen da koadrila bat euren burua  frikitzat duena. Horiek xake klaseak hartzen omen dituzte. Gainera, banekien beste liburutegiren batean ere antzeko topaketa edo txapelketaren bat egin zutela. Beraz, pentsatu genuen: zergatik ez hemen? Ona da jokalarientzat, euren artean harremanak sendotzeko. Atentzioa lantzeko balio du, logikak ere bere aukera du xakean eta balio asko erakusten ditu. Lasai egoten irakasten du xakeak. Bizitzan nola jokatu behar den ikasteko ere aukera bikaina da. Bizitzan egunero aukerak egin behar izaten ditugu, erabaki potoloak batzuetan eta kontu sinpleagoak bestetan. Erabaki horietan batzuetan asmatu egiten da edo aukerarik onena hautatzen dugu, baina beste batzuetan ez. Ahalik eta erabaki hoberenak hartzen saiatzen gara, eta hartu dugun erabaki horrek ondorioak ekartzen dizkigu azkenean. Galtzen ere erakusten du xakeak. Zerbaitetan jokatzen dugun bakoitzean irabazi edo galdu egiten dugu, eta galtze hori jokoaren parte ere bada.

 

Nori zuzenduta dago ekimen hau?

Umeentzat dago zuzenduta, batez ere. Hala ere, batzuek esan digute aitonarekin jokatzen dutela edota gurasoekin. Horiek ere gonbidatuta daude, jakina. Helduren bat ere etortzen bada ez da inolako arazorik izango.

 

“Kontua ez da irabazi edo galtzea, gustura aritzea baizik”

Plaza kopurua mugatua izango da.

Gure ideia da 16 bat jokalari izatea. Nik lortuko ditut Hernaniko xake elkartetik taulak eta fitxak. Eskaera handia dela ikusten badugu, bigarren egun bat ere proposatuko genuke inor jokatu gabe ez gelditzeko.

 

Parte hartzeko ezinbesteko baldintza da gutxi gorabehera jokatzen jakitea, ezta?

Bai, fitxak mugitzen jakitea ezinbestekoa izango da. Sistema suitzarra jarraituko dugu topaketan. Denek ez dute denen aurka jokatuko. 5 edo 6 partida jokatuko ditu bakoitzak. Sistema honetan, irabazten dutenek irabazten dutenen aurka jokatzen dute eta galtzen dutenek galtzen dutenen aurka. Gisa honetara, maila bereko jendearekin jokatzeko aukera dute jokalariek. Oso txarrak direnek motibazio puntu hori gal dezakete, baina beti egongo da egoera berean dagoen jendea. Kontua ez da irabazi edo galdu, baizik eta gustora aritzea.

 

Aldez aurretik liburutegian izena ematea ezinbestekoa izango da.

Zenbat izango garen aldez aurretik jakin beharra daukagu, dena behar bezala antolatzeko. 16 bat lagun edo  gehienez ere 20 bat har ditzakegu. Jende gehiagok ematen badu izena, beste egun bat ere jarri beharko dugu, eta hori guztia aldez aurretik aurreikusi beharra daukagu. Sorpresa intelektualen bat ere izango da, agian.