Zumetaren murala eta neguko ospakizunak, otsaileko herri bizitzako protagonistak

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 2a, 11:18

Zumetaren muralaren 50. urtemuga edota neguko ospakizunak izango ditugu, estreinatu berri dugun otsaileko hizpideen artean.

Bilera eta hitzaldi artean ekin diogu otsailari. Asteazkenean, kulturako eta sorkuntzako udal dirulaguntzei buruzko xehetasunak eskaintzeko hitzordu bana egin zuten Potxoenean, multikirolari lotutako hausnarketa prozesuko lehen saioa ere egin zuten gune berean. Datorrena, hilaren 22an. Gaur Etxealdiako irisgarritasun planaren aurkezpena eta datozen Santixabelak antolatzeko jai batzordearen lehen bilera. 

Potxoeneako aste honetako jarduna beste bi hitzordurekin borobilduko dute; batetik, Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak Udalarekin duen lankidetza hitzarmenaren baitan prestatu duen webgune berria aurkeztuko dute ostiralean, eta biharamunean, Martxoaren 8a antolatzen hasteko belaunaldiartekotasuna sustatu nahi duten antolaketa lanei ekingo dio Kafe Tertuliak. Datorren astean bilera gehiago; Usurbilgo Kulturgunearena tartean, taldeen arteko koordinazio lanak hobetu nahi dituen egutegi dinamikoaren aurkezpenarekin. 

Mozorrotzeko garaia
Santa Ageda bezpera eguna larunbatean; Kantu Taldeak bira berezia iragarri du egun horretarako. Negu parteko ospakizun gehiago ere izango ditugu. Zubieta Lasarte-Oriarekin lotzen dituen Euskal Inauteriak berreskuratuko dituzte otsailaren 11n eta astebete beranduago filmak ardatz izango dituen Inauteri Festa Usurbilen, zanpantzar, txaranga, erromeria eta Orbeldikoen kalejirarekin. Ikastetxeak ere mozorro jaialdian barneratuko dira. Gaztetxoak aipatuta, gogoan izan; negu parterako euskarazko zine zikloa antolatua du Udalak Ziortzarekin lankidetzan. Datorren proiekzioa hilaren 5ean; "Ama Mu etxera itzuli da".

Zumetaren murala eta "HerrimaMITUZ"
Baina otsailak ekintza gehiago ekarriko dizkigu, egunotan Usurbilgo Udalak etxez etxe banatu duen kultur agendak gogorarazi digun moduan. Xakean nahiz musean ere aritzeko aukera izango dugu. Sutegi udal liburutegiak xake topaketa antolatu du estreinakoz, hilaren 20an, adin tarte guztietako herritarrentzat. Abian den Euskal Herriko 14. Mus Txapelketaren herri mailako kanporaketa saioa ere jokatuko dute hilaren 10ean Aitzagan. Futbol egokituaren topaketa ikusteko aukera izango dugu baita, ate joka dugun hilabeteko lehen igandean.

Halere, hilabete honetan izen propio bat nabarmenduko da herrian; 2020ko apirilean zendu zen Jose Luis Zumeta artista, eta bere frontoi atzealdeko murala. 50 urte beteko ditu aurten eta mantentze lanak egitera doaz. Egunotan hasi dituzte prestaketa lanak. Urtemuga borobil horren harira gainera, ekimen gehiago ere antolatzekoak dira; erakusketak edota Hormaren Mintzoa egitasmoa tartean. Ekintza hauen guztien berri emateko agerraldi publikoa deitu dute sustatzaileek, Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak, otsailaren 12an. Non eta, muralaren parean noski, 12:00etan Mikel Laboa plazan.

Aginagan deitu dute beste kultur hitzordua; "HerrimaMITUZ", otsailaren 26an. "Herrian herriko pasarteak kontatu eta gai bihurtuz, gure herrien mamia, bertsoz azaleratzeko ariketa jolastia" Andoni Egaña eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi" bertsolariekin eta Xabier Alberdi historialariarekin.

Egunez eguneko hitzorduen berri, webgune honetako "Agenda" atalean jaso dezakezue.