Otsailaren 3ra arte

Kiroldegirako materialaren erosketan hitza hartzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 2a, 09:10

Oiardo Kiroldegiko giharketa gelarako makina berriak erostera doa Usurbilgo Udala. Horretara bideratuko duen 8.000 euroko partida nola xahutu erabakitzeko aukera izango dute herritarrak, otsailaren 3ra arte.

Usurbilgo Udalak urte amaieran hasieraz onarturiko udal aurrekontuen baitan, 8.000 euroko partida bideratuko du Oiardo Kiroldegiko giharketa gelarako material berria erostera. Erosketa hau ordea herritarrok erabaki ahalko dugu. Otsailaren 3ra arte, diru hori nola xahutu hitza hartzeko aukera eskaintzen ari da Udala, bide ezberdinetatik. Horretarako, Kiroldegian bertan formulario bat betetzeko aukera izango da otsailaren 3ra arte, edo online ere osatu ahalko dute; erabiltzaileek jasoko duten emailearen bidez baita. Formulario hauetan oinarrituta erabakiko du Udalak kirol materialean egin beharreko inbertsioa. "2023ko aurrekontuetan 8.000 euro bideratuko ditugu gimnasioko makina berriak erostera. Hori dela eta, zure iritzia jaso nahi dugu. 8.000 eurorekin zer erosiko zenuen giharketa gelarako? ". Herrikideek izango dute azken hitza.

Iaz kirol instalakuntzetan eginiko hobekuntzei segida emango die modu horretan. 2022an, besteak beste, honako inbertsio hauek bideratu ditu Udalak: saunan dutxa hotza, gimnasioan material berria, erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko sarrera-irteera tornu berriak eta segurtasun kamera, harrerako komun egokitua, Haraneko etxea berriz erabilgarri jartzea, boleiboleko taldearentzako pista egokitu eta instalakuntza jartzea, soinketa erritmikakoen lona gordetzeko espazioa, Haraneko gas deposituaren aldaketa...”