Lurra gogotik esnatu dute makil kolpe eta koplekin

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 5a, 11:09

Santa Ageda bezperako kantu eskean irten dira bart Usurbilen.

Lurrari deiadar gogotik egin dio bart Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Koplaka eta trikiti doinuekin osatu dute Santa Ageda bezperako kalejira. Mikel Laboa plazan hasi eta amaitutako birak Munalurra, Artzabal eta Eguzkitzaldea zeharkatu zituen larunbat iluntzean. Makil kolpeen erritmora, egun honetan ezagunak ditugun kantuak entzun genituen, baita sortutako koplak ere. Modu batean zein bestean, azken urteotan etendako ohitura berreskuratu dute ekitaldirako egoki jantzita joan ziren aipatu herri bilguneko kideek eta hitzorduarekin bat egin zutenek.

Otsailaren 4ko kantu eskearen ondotik, gogoan izan; astelehenero biltzen segiko dute abiatu berri duten hamalaugarren ikastaldiko saioetan, iluntzeko 18:00etan Udarregi ikastolaren Agerialde eraikineko musika gelan. Eta hileroko ohiturari segita, otsaileko azken larunbatean, kantu jiran irtengo dira berriz; hilaren 25ean 12:00etan Mikel Laboa plazatik. Antolatzaileen oharra gogoan izan; ez ahaztu kantu-liburuxka.